Laudioko Glavista-Autoglas enpresaren aurrean agerraldia egin zuten atzo Samuel Pasandin, Irune Iturbe eta Aitor Burgoa EH Bilduko zinegotziek, eskualdeak parez pare duen enplegu suntsiketa egoeraren aurrean neurriak ezartzea aldarrikatzeko. Orotara, 300 lanposturen galera suposatu dezaketen Glavista enpresako, Ibarrako Madres Mercedarias egoitzako eta Talleres Abasolo lantegiko beharginen egoerak izan zituzten hizpide.
"Hiru albisteak kolpe latza dira Aiaraldeko industria-ehunarentzat eta enpleguarentzat", nabarmendu zuten EH Bilduko ordezkariek. Glavista urtarrilaren 19an hartzekodunen aurrelehiaketan sartu zen, 240 langileren etorkizuna kolokan jarriz. Talleres Abasoloko beharginek urtarrilaren 16tik daramate greba mugagabean zor zaizkien soldata-atzerapenak direla eta. Azkenik, Madres Mercedarias egoitzako langileak ere mobilizazioekin hasi dira, Orozkoko Ibarra auzoko zentro hori ixteko asmoa adierazi baitu erlijio-kongregazioak.
Testuinguru horretan, EH Bilduk elkartasuna adierazi zien kaltetutako langileei eta enpleguaren eta eskualdearen etorkizunaren defentsan deitutako ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu zuen. Hain zuzen ere, ostiral honetan (otsailak 10) manifestazioa deitu du SOS Aiaraldea ekimenak, enplegu suntsiketaren aurka.
Eusko Jaurlaritzari ere zuzendu dira EH Bilduko ordezkariak, Aiaraldeko Eskualdeko Plan Estrategikoaren lanak arintzea eskatzeko
Adierazpen instituzionalak
Koalizio abertzaleak, bere aldetik, adierazpen instituzionalak sustatuko ditu Aiaraldeko udalerri guztietan Madres Mercedarias, Talleres Abasolo eta Glavista-Autoglas enpresetako langileei elkartasuna adierazteko. EH Bilduk erakundeei eskatu nahi die modu proaktiboan jardun dezatela Aiaraldeko jarduera industriala mantentzearen alde eta kalitatezko enpleguaren alde ehun ekonomikoan eta, bereziki, eskualdean estrategikoak diren proiektuetan. Bide beretik, Eusko Jaurlaritzari ere zuzendu dira EH Bilduko ordezkariak, Aiaraldeko Eskualdeko Plan Estrategikoaren lanak arintzeko eskatu diote, "ahalik eta lasterren aktibatzeko eskualdearen berraktibazio ekonomikorako beharrezko neurriak".