“Urrats sendoa” eman dute Arrankudiaga-Zollon etxebizitza publiko kooperatiboak eraikitzeko prezesuan. Hala adierazi du Udalak atzo eginiko aurkezpen bilerak izandako harrera ikusita. “50 herritar inguru bertaratu ziren, sekulako arrakasta”, adierazi du Txutxi Ariznabarretak. Alkatearen aburuz, parte hartze horrek argi uzten du badagoela proiektua aurrera ateratzeko “masa kritiko nahikoa”.
Arrasate Taldeko kideak bertaratu ziren bilerara, enpresa kooperatibo hori arduratuko baita proiektua burutzeaz. Garondo auzoan egingo den etxebizitza blokearen xehetasunak azaldu zituzten, planoak eta infografiak baliatuta. Jakinarazi zutenez, 12 elkarbizitza-unitaterentzako tokia egongo da guztira, eta 68,24 eta 93,69 metro karratu artean izango du etxebizitza bakoitzak.
200.000 euro inguruko prezioa
Diruaz ere hitz egin zuten bileran. Udalak zehaztu zuenez, 200.000 euro inguruko prezioa izango dute etxebizitzek. Hala ere, ez da ohiko salmenta bat izango. Etxebizitza kooperatiba bat eratuko da, eta etxeen erosleak kooperatibista bilakatuko dira.
Modu horretan, espekulazioa saihestu nahi du Udalak, besteak beste. Hala azaldu du Ariznabarretak: “Jabeetako batek etxebizitza saldu nahiko balu, ezingo luke merkatu librean egin. Kooperatibari saldu beharko lioke bidezko prezio batean, beste herritar batek erabili dezan”.
Espekulazioaren aurkako neurriak ezarriko dituzte. Jabeek ezingo dute etxebizitza merkatu librean saldu, kooperatibari itzuli beharko diote, arrazoizko prezio baten truke.
Etxebizitzak Udalaren lursail batean eraikiko dira. Gauzak hala, tokiko erakundeak hitzarmena sinatuko du etxebizitza kooperatibarekin, lursoru horren eta bertako etxebizitzen erabileraren xehetasun guztiak zehaztuta.
Behin betiko kooperatibistak, udarako zehaztuta
Proiektura batu nahi duten herritarrek badute dagoeneko horretarako aukera. Gaur bertan ireki da aurreinskripzioak egiteko epea, eta hilabete amaierara arte luzatuko da. Udaletxera jo behar da horretarako.
Momentuz, baldintza bakarra bete beharko dute herritarrek: Arrankudiaga-Zollokoak izatea. Alkateak aurreratu du, tokiak libre geratuko balira, “alboko udalerrietako” bizilagunei ere luzatuko lieketeela ekimenean parte hartzeko gonbita; baina, atzoko bilerak izandako harrera ona ikusita, ez du uste hori gertatuko denik.
Horrez gain, hainbat irizpide markatuko dira, eskaerek etxebizitza kopurua gaindituko balute, lehentasun-orden bat ezarri ahal izateko. Ariznabarretak aurreratu duenez, Udalaren eta kooperatibaren arteko hitzarmenean zehaztuko dituzte baldintza horiek guztiak. Tokiko erakundearen asmoa da hitzarmen hori martxoan osatzea eta, modu horretan, uda hasierarako izatea behin betiko bazkideen zerrenda.