Aratusteak ate joka dira Aiaraldean egitarau eta jai ugarirekin

Jone Gartzia Gerra 2023ko ots. 14a, 21:30

Eskualdeko herri guztietan antolatu dituzte inauteri jaiak. / Argazkian, 2020ko Urduñako aratusteak. Aiaraldea.eus

Negua amaitzen hasia da eta inauteriek horixe gogorarazten digute. Datorren asteartera bitarte askotariko ekintzak antolatu dituzte Aiaraldeko herri gehienetan aratusteak ospatzeko.

Egunak luzatzen eta gauak laburtzen doazen heinean, negualdian lokartutako lurra pixkanaka-pixkanaka esnatzen sumatzen dugu. Inauteri garaiak aspaldidanik irudikatzen du hori; naturaren ziklo berria hastear dagoela, alegia.

Udaberriari ongi etorria emateko eta soroen emankortasunaren esperoan zomorroak uxatzeko mozorrotzeko ohitura zabaldua da antzina antzinatik.

Usadioak bilakaera nabarmena izan badu ere, inauteri garaian mozorroa jantzi eta bihurrikeriak egiteko ohitura ez da galdu. Urtero legez, Aiaraldean herriz herri antolatu dituzte festa eta egitarau zabalak aratusteak ospatzeko.

Lehen desfileak ospakizunak

Inauteriei lehen harrera eskolek emango diote ostiralean; baina, hori baino lehen, Amurrioko Musika Eskolak inauteri kontzertua antolatu du ostegunerako -otsailak 16-, 19:00etan Amurrio Antzokian.

Ostiralean bai, eskola guztietako haurrek ospatuko dituzte inauteriak bai barruan zein kanpoan. Okondon, esaterako, eskolako desfilea egin eta gero frontoira abiatuko dira kalejiran, bertan txokolate beroa jateko eta haurrentzako programazioaz gozatzeko.

Latiorro Ikastetxeak ere, bere 50. urteurrenaren barruan programazio zabala prestatu du auzunean ostiralean. Umeentzako diskofestak eta txapa tailerrak, Momotxorro kalejirak, magia ikuskizunak eta Got Talent Karaokeak girotuko dute ostiral arratsaldea Latiorron.

Zenbait herritan ere ostiralean ekingo diote aratusteak ospatzeari, tartean, Arrankudiaga-Zollon. 19:00etan poteoa abiatuko dute herrian eta 21:30an afaria eta karaokea egingo dituzte Gizarte Etxean.

Orozkon ere, azken urteetan ohiko bihurtu den 'Orozko Talent' lehiaketak IV. edizioa izango du otsailaren 17an 18:30ean. 

Larunbata eta asteartea, egun nagusiak

Gainerako herrietan zapatua eta asteartea izango dira aratusteen egun handiak. Artziniegan mozorro lehiaketa egingo dute frontoian larunbatean, 19:00etan.

Amurrion ere larunbatean egingo dute Kakarroen, erraldoien eta gaiteroen kalejira, goizean, eta arratsaldean mozorro desfilea, musika eta sari banaketa.

Asteartean jarraituko dute egitarauaren bigarren egunarekin. Txokolate jana egingo dute 16:45ean, segituan haurrentzako dantza ikuskizunari bide emateko. Amaitzeko, urtero legez, Kakarro Birigarro erreko dute 18:30ean Juan Urrutia plazan.

Urduñan otsailaren 18tik 21era luzatuko dute jaia, lau eguneko egitarau betearekin. Larunbatean 13:00etan hasiko da giroa, kale animazioarekin. Arratsaldeko 18:00etan inauterietako desfilea egingo dute eta gauean DJ Varro arituko da plaza alaitzen.

Igande eguerdian, Santa Zezilia Musika Bandak kalejira egingo du eta Bihotza Konpartsak erraldoia eta buruhandiak aterako ditu. Astelehenean inauterietako tostada tailerra eta film proiekzioa prestatu dituzte eta, amaitzeko, asteartean, txokolatea eta umeen animazioa egongo dira.

Laudion larunbatean eta asteartean egongo da aratusteez gozatzeko aukera. Larunbat goizean Sukaldaritza tailerra eta inauteriei buruzko irratsaioa, musika animazioa eta herri bazkaria egongo dira. Jai Batzordeak bingo musikatua antolatu du bazkalosterako eta goiza zein arratsaldea musikaz girotuko dituela iragarri du.

18:30ean helduko da mozorro kalejiraren txanda, eta ostean su eta akorbazioa ikuskizuna eta sari banaketa izango dira Herriko plazan. Egunari amaiera emateko, musika jartzaile bat eta erromeria egongo dira Laudion.

Asteartean haurrak izango dira protagonistak, Aldai zein Herriko plazan egongo diren jarduerei esker. 19:00etan, ohi gisan, Leziagako Sorginak gaiztakeria erreko du.

Aiaran ostiraletik asteartera egongo dira inauteriekin lotutako ikastaroak. Otsailaren 17an inauteri makillaje ikastaroa egongo da Aiarako gaztelekuan, 18an inauteri jaia eta 19an zinema.

Igandean bertan Lantenoko eskolan inauterietako tostada tailerra egingo dute, 20an iratxoen ikastaroa 4-12 urte bitarteko umeentzat Arespalditzako gizarte etxean eta asteartean Luiaondoko Otueta Gizarte etxean slime tailerra.

Aiaraldea Ekintzen Faktoriak ere egitarau berezia antolatu du. Otsailaren 4an eman zioten hasiera eta 21era bitarte iraungo du. Nabarmentzekoak dira larunbatean izango den disko light jaia, igandeko tostada tailerra eta ipuin ikuskizuna. 21era bitarte, gainera, mozorro truke azoka dago irekita Faktorian bertan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide