Inauteriek egitarau oparoa ekarriko dute Faktoriara bihartik aurrera

Jone Gartzia Gerra 2023ko ots. 3a, 13:20

Kokoriko Hezkuntza Faktoriak antolatu ditu jarduerak.

Ekintza bete egitarau prestatu du Kokoriko Hezkuntza Faktoriak bihartik eta astearte inauterira bitartean. Tailerrak, jaiak eta ikuskizunak egongo dira eta mozorro truke azoka egongo da programazioak irauten duen bitartean. Ekintza guztiak izango dira doakoak, baina aurretik izena eman beharra dago. 

Aratusteek bi aste luzeko iraupena izango dute Aiaraldea Ekintzen Faktorian, Kokorikoren eskutik. Bihar bertan -otsailak 4- emango diote hasiera programazioari, bi aste luzez Faktorian izango den mozorro truke azoka irekitzearekin batera. Inaugurazio berezirako, 17:00etan mozorroak sortzeko ikastaro bat ere antolatu dute. Parte-hartzaileei iazko mozorroak eramateko deia zabaldu diete.

Hurrengo larunbatean, otsailaren 11n, beste tailer bat egongo da, ordutegi berean (17:00-19:00): inauteri makillaje tailerra.

Otsailaren 18an, ostera, jaia izango da nagusi Faktorian. Disko light inauteri jaia prestatu dute 18:00etatik 22:00etarako tartean. Noski, mozorrotuta bertaratzeko deia zabaldu dute.

Hurrengo egunean, igandean, inauteri tostadak familiak kozinatzeko tailerra egongo da arratsaldez, 17:00etatik 19:00etara, hain zuzen.

Egitarauaren azken egunak hurrengo astelehena eta asteartea izango dira, astearte-inauteriak emango baitio amaiera ospakizun handiari. Otsailaren 20an, astelehenean, Ipuinen kutxa bihurria izeneko ipuin ikuskizuna egongo da 17:00etan. Asteartea, mozorro truke azokari agur esan eta dena batzeko eguna izango da.

Antolatzaileek gogorarazi dute jarduera guztiak doakoak direla baina parte hartzeko izena eman beharra dagoela 693 855 312 telefono zenbakira mezua bidalita edo deituta. Esteka honetan ere bete daiteke izen ematea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide