Gaur aurkeztu dituzte Aiaraldeko Berdintasun Martxa Neurtuaren xehetasun guztiak

Jone Gartzia Gerra 2023ko ots. 15a, 22:06

Laudioko Lezeaga aretoan izan da aurkezpena eta Altzarrate eta Kaskagorri kirol taldeko zenbait kidek zein Laudioko, Amurrioko eta Aiarako udaletako ordezkariek hartu dute parte. IV. Martxa Neurtua martxoaren 19an izango da eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea.

Gaur aurkeztu dute Aiaraldeko Berdintasun Martxa Neurtuaren IV. edizioa. Martxoaren 19an izango da ibilaldia eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. Altzarrate eta Kaskagorri kirol taldeek antolatzen dute Laudio eta Amurrio batzen dituen 12 kilometroko proba ez lehiakorra.

Parte-hartzaile batzuk Amurrioko Juan de Urrutia plazatik abiatuko dira eta beste batzuk Laudioko Herriko plazatik, denak martxoaren 19ko 10:00etan. Amurriotik irtengo direnek Laudio izango dute helmuga, eta alderantziz.

Ez da ohiko norgehiagoka bat, ordea. Alderantzizko denborak hartzen dituzte kontuan eta lehenak edo azkenak irabazi beharrean, tarteko denborek jasotzen dute saria.

Antolatzaileek aurreratu dute ibilbidea laua dela eta edozein pertsonak egin dezakeela. 12 kilometroko luzera du eta Nerbioiko parke linealaren ibilbidea jarraituko du. Gainera, tarteko puntu batean, Luiaondon, hain zuzen ere, deskantsu puntu bat jarriko dute edari eta janarekin.

Izena emateko epea zabalik dago honezkero. 10 euroren truke parte-hartzaileek kamiseta teknikoa, zapia eta txapa oroigarria jasoko dituzte. Gainera, Laudiora zein Amurriora itzultzeko doako autobusak jarriko dituzte.

Antolatzaileek aurreratu dute sariak martxaren osteko egunetan banatuko dituztela Laudioko Udaleko Berdintasun arloan. Izan ere, horretarako denbora guztiak egiaztatu eta tarteko denborak atera behar dituzte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide