Eskualdeko Plan Estrategikoaren zirriborroaren berri eman zieten Aiaraldeko hainbat tokiko ordezkariri astelehenean Kasinoan eginiko ekitaldian. Ramiro González Arabako Ahaldun Nagusiak parte hartu zuen topaketan, Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomia Sustapeneko diputatuarekin eta Manu Castilla Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako idazkari nagusiarekin batera.
Erakundeek 35 ideia bultzatzaile gauzatu nahi dituzte eta hurrengoak dira garrantzitsuenak:
Industriari laguntzak
Aiara Industrial Lab edo Laudio Glass hub bultzatzeko ekimenak, baita enpresen eraginkortasun energetikoan eta eskualdeko lurzoru eta eraikin industrialen berreskurapenean jarraitzeko ekintzak ere. 11.300.000 euroko aurrekontu konprometitua du ildo honek.
Lehen sektorea
Nekazaritzako enpresen hazitegia eta hegaztien eraldaketa-zentroaren eta Belardi proiektuaren azterketa bultzatzea, nekazaritzako elikagaien dinamizaziorako jarduera osagarriak garatzeaz gain, 2.030.000 euroko aurrekontu konprometituarekin.
Turismoan eta merkataritzan hurrengo jarduera eta hitzarmenak garatzea: baliabide turistikoei balioa emateko jarduketa integrala sortzea, eta Aiaraldeko turismo jasangarriaren eskaintza antolatzeko plana egitea. Egitasmoak 4.444.000 euroko aurrekontua dauka eta 2.694.000 euroko aparteko ekarpena sartu da, Arabako Foru Aldundiak Kexaako Monumentu Multzoko Ama Domingotarren Monasterioa erosi baitu.
Kulturaren esparruan, Urduñako eta Artziniegako kultura-ondare bereziaren balioa nabarmentzea, bai eta Laudioko Antzokiaren eraikuntza eta dinamizazioa ere. 8.000.000 euroko aurrekontua baliatuko dute guztira, eta gehiena (6.500.000 euro) antzokira bideratuko dute.
Lanbide Heziketa
Enpleguan eta Lanbide Heziketan, prestakuntza-, berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuak sustatuko dituzte Amurrioko eta Laudioko Lanbide Heziketako ikastetxeetan, eta beirari eta industria-inguruneari lotutako lanbide-heziketa bultzatuko da. Horrez gain, LHko gradu berriak garatuko dira, ikastetxeak eta industria-sarea hobeto koordinatzeko. Era berean, hizkuntzetan hobeto trebatzeko ekimenak sustatuko dira. 2.890.000 eurokoa da aurrekontua arlo horretan.
Gizarte kohesioari begira, mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako egoitza-baliabideetarako sarbidea hobetu nahi da, bai eta gizarte-proiektuetarako etxebizitza-lagapena gaitu eta adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako eguneko zentroaren eta etxebizitzaren proiektua garatu ere. Arabako Foru Aldundiak 2.175.000 euro bideratuko ditu horretarako. Guztira, ekintza guztiek 2.675.000 euroko aurrekontua izango dute.
Herrigunean ez dauden auzunetan lanak
Hirigintzan, aldiz, jarduketekin jarraituko da Goikolarra (Amurrio), Maria Dolores Madaria eta Landata (Urduña) auzoetan. Era berean, Okondon kirol-instalazio berriak eraikitzeari ekingo zaio, 1.725.000 euroko aurrekontuarekin. 5.225.000 euroko aurrekontua konprometitu dute proiektu guztiak egikaritzeko.
Galdakaoko ospitalera autobus zerbitzua?
Ingurumenaren eta mugikortasunaren ildoan, Nerbioiko Parke Lineala garatzeko eta bide berdeak zabaltzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetza-proiektua azkartuko da, eta Bizkaiari dagokion zatia artikulazio-fasean dago.
Aldi berean, berean, Aiaraldea eta Usansoloko Ospitalearen arteko garraio publikoko zerbitzu baten bideragarritasunari buruzko azterlana garatuko da, eskualdeko pentsiodunek eginiko aldarriei lotuta. Horrez gain, Amurrion disuasio-aparkaleku bat eraikiko da, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak jarriko dituena, mugikortasun iraunkorra sustatzeko. 4.489.000 euro bideratuko dituzte horretara.