Aiaraldeko Mugimendu Feminista, "denon bizitzak erdigunera" ekartzeko prest

Izar Mendiguren Cosgaya 2023ko mar. 1a, 19:14

Otsailaren 24an egin zuten Aiaraldeko Mugimendu Feministaren asanblada Laudioko Kultura etxean. / Aiaraldea.eus

Martxoaren 8ari begira eskualdeko ekimenak aurkeztu ditu Aiaraldeko Mugimendu Feministak. Goizez Urduñatik Orozkora egingo dute kotxe karabana aldarrikatzailea, eta arratsaldean herri gehienetan egongo dira mobilizazioak. 

Otsailaren 24an egin zuen Aiaraldeko Mugimendu Feministak martxoaren 8ari begirako mobilizazioak aurkezteko eta antolatzeko asanblada irekia. Batetik, goizean  kotxe karabana antolatuko dute Urduñatik Ibarrara. "Martxoaren 8an Aiaraldea astintzera goaz! Zaintza eskubidearen alde mobilizatu gaitezen", azpimarratu dute. Ildo beretik, zaintza sistema publiko eta komunitario feministaren beharra nabarmendu dute. 

Mugimendu feministaren eskualdeko ekimena kotxe karabana izango da, Orozkoko Ibarra auzoko Madres Mercedarias zentroan bukatuko dena

Horregatik, martxoaren 8an eskualdeko ekimena kotxe karabana izango da, Orozkoko Ibarra auzoko Madres Mercedarias zentroan bukatuko dena. Izan ere, greba egingo dute berriz zaintza sektoreko langile horiek; eta elkartasun feminista helaraziko diete modu horretan. Aiaraldeko Mugimendu Feministaren ekimen bateratuaren hitzordua 12:00etan izango da Urduñako autokarabanen gunean, eta bertatik aterako dira herriz herri Orozkora iritsi arte.

Dena den, Amurrion jarri dute eguneko lehenbiziko zita: 10:00etan herri apainketa gauzatuko baitute, eta 11:30ean aterako dira Telefonicako aparkalekutik Urduñara. 12:15ean, aldiz, ikasleen elkarretaratzea eta lanuztea egongo dira Juan Urrutia plazan.

Laudion, berriz, 11:00etan elkartuko dira Latiorroko aparkalekuan Urduñara joateko, eta 13:00etan batuko dira ikasleak elkarretaratzea egiteko. "Lanuzteak egingo dituzte ikasleek 12:45etik aurrera", zehaztu dute. Arratsaldean, ordea, herrietan zentratuko dituzte ekintzak.

Manifestazioak, arratsaldez

Urtero gisa, arratsaldean izango dira mobilizazio nagusiak. Amurriokoa 19:00etan izango da, eta Laudioko manifestazioa 19:30ean. Laudion, ordea,  lehenago beteko dute plaza: 17:30ean txokolate jana, zapi salmenta eta Etawasolen performancea antolatuko baitituzte; eta 18:45ean "dantza herrikoia" egingo dute.

Gainontzeko talde feministak udaletako elkarretaratzeetara batuko dira; Artziniegan, Orozkon, Aiaran, Okondon eta Urduñan kasu.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide