Emakume Langileen Nazioarteko Eguna ate joka dagoen une honetan, berrantolatzeari ekin dio Aiaraldeko Mugimendu Feministak, eta aurtengo martxoaren 8a inflexio puntu bezala irudikatu dute bideorri horretan. Horrela definitu dute datorren asteko hitzordua Ixone Barroso eta Txaro Olaguenaga ekintzaile feministek. “Pandemiaren ostean aldatu egin dira jendea mobilizatzeko eta aktibatzeko moduak. Azken urteetan jende asko eta askoren politizazio eta ideologizazio erraminta nagusia izan da feminismoa. Halaber, oraindik ere oso modu indibidualean ulertzen den zerbait da”, nabarmendu dute.
Borroka kolektiboaren garrantzia azpimarratu nahi du mugimendu feministak aurtengo martxoaren 8an
Errealitate horren aurrean “borroka kolektiboaren garrantzia” azpimarratu nahi izan du mugimendu feministak, eta hori aldarrikatzera eta praktikan jartzera aterako dira martxoaren 8an Aiaraldeko kaleetara. “Ez da hausnarketa isolatu bat, ordea, Euskal Herri luze zabalean dabil mugimendu feminista indar metaketa batean murgilduta, eskuartean dituen erronka eta apustu handiei aurre egiteko helburuarekin”.
Denon Bizitzak Erdigunean
Aurtengo martxoaren 8aren testuinguruan ‘Denon Bizitzak Erdigunean’ dinamika zabala mahaigaineratu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Dinamikak Euskal Herriko gainontzeko eragile politiko, sindikal, sozial eta instituzionalak interpelatu nahi ditu, bai eta gizartearen gehiengoa ere bai. “Zaintza krisiak markatutako egoera batean, zaintza sistema publiko komunitarioaren norabidean urratsak bultzatu nahi ditu dinamikak. Pandemian zehar asko hitz egin da zaintzak bizitzaren sostenguan dulen garrantziaz, bai eta hauen aitortzaz ere. Praktikak, ordea, erakutsi du zaintza-krisian sakontzera jo dugula”, azaldu du Barrosok. Hori dela eta “zaintza sistema publiko komunitarioa” behar beharrezkoa dela defendatu. “Funtsean, zaintza eskubidea aldarrikatu nahi dugu” laburbildu du Barrosok.
“Hau ez da martxoaren 8an bukatuko, epe luzerako dinamika batean dago murgilduta mugimendu feminista; erronka horri indarrez heltzeko abiapuntu izango da”
Bide horretan urgentziaz heldu beharreko zenbait gako azpimarratu dituzte: “Emakumeok sistema osoa sostengatzen jarraitzen dugu, modu doako edota prekarioan egiten ditugun lan guztietan”. Urgentzia horri heldu ezean, Olaguenagak eta Barrosok argi dute zabaldu berri den krisi ekonomiko eta sozial sakon honetan emakumeak izango direla berriro ere sektorerik kolpatuena. “Zaintza lanak bigarren plano batean geratuko dira berriro, gure bizkar gainean”. Krisi sozial eta ekonomikoa feminismoaren kontrako diskurtsoak ugaritu egin diren testuinguru batean garatzen ari dela azpimarratu du Barrosok, eta erantsukizunez jokatzeko beharra aldarrikatu du.
Martxoak 8 eskualdean
Lan baldintzak hobetzeko borroka etengabe batean murgilduta dauden Ibarrako Madres Mercedarias egoitzako langileek protagonismo berezia hartuko dute aurtengo martxoaren 8an. Aiaraldeko Mugimendu Feministak Ibarrako zaintzaileen borroka aitortu eta babestu nahi izan du horrela. “Instituzioen zuriketa morea salatu nahi dugu ere. Ahoa betetzen zaie zaintzaren inguruan hitz egiten, baina zerbitzu publikoak prekarizatzen eta pribatizatzen dituzte etengabe, sistemaren logika behin eta berriro erreproduzituz”, aldarrikatu du Barrosok. “Zaintza lanak duintzeko praktika errealak behar ditugu", gaineratu du. Zaintza sektoreko langileak batu eta antolatzeko asmoz hainbat aurrerapauso egin ditu Mugimendu Feministak, beste eragile sozial eta sindikalekin elkarlanean; horren adibide argia dira SOS Aiaraldea dinamikaren barruan egindako mahainguru desberdinak.
Batasun horrek fruituak emango ditu datorren asteazkenean. Goizean kotxe karabana antolatu dute ekintzaile feministek Urduñatik Ibarraraino. Bidean Amurrio, Aiara eta Laudio zeharkatuko dituzte euren aldarrikapenak lau haizeetara zabalduz. Ez da goizean egingo duten ekintza bakarra. Amurrion eta Laudion ikasleek paroak eta elkarretaratzeak egingo dituzte. Arratsaldean manifestazioek Aiaraldeko udalerri guztietako kaleak hartuko dituzte.
“Hau ez da martxoaren 8an bukatuko, epe luzerako dinamika batean dago murgilduta mugimendu feminista. Asteazkeneko borroka eguna erronka horri indarrez heltzeko abiapuntu izatea nahi dugu”, argitu du Ixone Barrosok.
DENON
— Aiaraldeko Mugimendu Feminista (@AiaraldekoMF) February 27, 2023
BIZITZAK
ERDIGUNEAN
Martxoaren 8an Aiaraldea astintzera goaz! Zaintza eskubidearen alde mobilizatu gaitezen!
Zaintza sistema publiko komunitario feministaren bidean, batu borrokara! pic.twitter.com/8nNHuv9OXu
Ibarrako zaintzaileak
Borroka eta mobilizazioetan murgilduta igaro dute azken urtea Orozkoko Ibarra auzoko Madres Mercedarias egoitzako langileak. Otsailaren erdialdean astebeteko greba egin zuten zentroaren kudeatzailea den erlijio-kongregazioak hartutako azken erabakiaren aurka, egoitza behin betiko ixtea 2023ko abenduaren 31an, alegia.
Martxoaren 3an enpresako abokatu eta erlijio-kongregazioarekin bilera egingo dute akordio bat lortzeko helburuarekin. “Lortu ezean, grebara joko dugu berriro martxoaren 6tik 12ra”, azaldu du Txaro Olagueneagak.
“Guztiok izan beharko gara zainduak. Foru Aldundiak eta patronalak garrantzirik eman ez arren zaintza lanak funtsezkoak dira. Duintasuna merezi dugu”
Gauzak horrela, martxoaren 8ko protesta eta mobilizazioek bere biziko garrantzia izan dezakete zentroaren etorkizunari begira. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak zentroa irekita mantentzeko lan egingo duela esan dien arren, errealitate oso desberdin batekin topatzen ari direla azaldu du Olaguenagak “Aldunditik 13 poazienteren zerrenda jaso dute eta beste erresidentzia batera eramango dituzte. Egoiliarrak Ibarratik ateratzen ari dira, hori ez da batere seinale ona. Zentroaren balizko itxieraren ardura guztia Bizkaiko Foru Aldundiak dauka. Aldundiak akordioa dauka monjekin, hortik lortzen dute finantziazioa publikoa”.
KPIaren igoera eta urtean 1.248 orduko lanaldia ere aldarrikatu dituzte azken urteko protestetan. “Oso garrantzitsua iruditzen zaigu Mugimendu Feministarekin batera borrokatzea eta aliantzak sortzea. Sektore erabat feminizatua da gurea. Gure zentroan, esaterako, 43 langiletik 3 bakarrik dira gizonezkoak”, aldarrikatu du Ibarrako zentroko langileak.
Olaguenagaren iritziz ez da kasualitatea sektore feminizatu guztietan grebak eta mobilizazioak izatea hizpide. “Dibertsitate funtzionala duten pertsonekin lan egiten duten Gaude eta Gorabide enpresetako langileek ere grebak deitu dituzte”. “Guztiok izan beharko gara zainduak. Foru Aldundiak eta patronalak garrantzirik eman ez arren zaintza lanak funtsezkoak dira. Duintasuna merezi dugu”.