EH Bildu koalizioko kideek larunbatean berretsi zituzten indar politikoak proposatutako hautagaien zerrendak Arabako Foru Hauteskundetarako.
Pasa den astean zabaldu zuten Natxo Urkixo izango zela Aiarako Kuadrillako zerrendaburua eta asteburuan jakinarazi dute nortzuk osatuko duten EH Bilduko hautagaitza Aiarako Kuadrillan.
Laudioko alkate ohiaren ondoren, beste laudioar bat kokatu dute, Nerea Martinez, EAko kidea da eta esperientzia handia dauka jadanik Arabako Batzar Nagusietan. Egun erakunde horretako mahaikidea da, eta 2015eko hauteskundeetan eskualdeko zerrendaburua izan zen bera. 2011-2015 legealdian ere instituzio horretako ordezkaria izan zen. Martinez zuzenbide lizentziaduna eta Hezkuntza-orientabidean eta Lanbide-orientazioan aditua da.
Irune Iturbe da hurrengoa zerrendan. Amurrioko zinegotziak ardurak ditu Arabako EH Bilduko mahai politikoan, Aiaraldeko koordinatzaile gisa. Politika Zientziak eta Kudeaketa Publikoko Gradua eskuratu zuen, baita Berdintasun Agentea izateko masterra ere. Laugarren hautagaia Iñaki Ibarluzea da, EH Bilduko Amurrioko 2019ko alkategaia. Ibarluzea Ezker Abertzaleko zinegotzia izan da aurretik EH Bildu koalizioa sortu baino lehen ere eta AEKko irakaslea da.
Zerrenda Ainhize Solaunek ixten du. Aiararra koalizioko kidea da Arabako Batzar Nagusietan, duela lau urte bera izan baitzen EH Bilduko zerrendaburua. Goi mailako ikasketak egin ditu gizarte integrazioan eta kultura animazioan.