Oletako landetan aldarrikatuko du erabakitzeko eskubidea Gure Eskuk, datorren ekainaren 25ean

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko mar. 31a, 07:00

Erabakitzeko eskubidearen aldeko sinbolo bilakatu da Oleta eskualdean. / Aiaraldea.eus

Gure Eskuk urteroko hitzorduari eutsiko dio aurten ere, eta Oletako landetan aldarrikatuko dute erabakitzeko eskubidea, datorren ekainaren 25ean. Ez dute, ordea, egun bakarrera mugatu nahi aldarrikapena, eta bi hilabeteko dinamika jarriko dute abian, herriz herri.

Beste urte batez Oletako landetako dolmenean erabakitzeko eskubidearen alde elkartzeko deia luzatu du Aiaraldeko Gure Eskuk. Aurten ere ez diote urteroko hitzorduari hutsik egin nahi izan, eta festa eguna antolatuko dute bertan datorren ekainaren 25ean.

"Aberri Egunaren aurreko gauean, inguruko mendi batzuetan argiak piztuko ditugu, Euskal Herriak zutik dirauela aldarrikatzeko"

Gure Eskuk ez du, ordea, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika egun bakar batera mugatu nahi. Hori dela eta ekintza sorta oparoa prestatu dute datozen hilabeteetarako Aiaraldeko herrietan. Ekintzek herritarrak aktibatzea eta Oletako festara deitzea izango dute helburu.

Aberri eguna abiapuntu

Aberri egunaren bezperan -apirilak 8- abiatuko dute eskualde mailako dinamika. Egun horretan Aiaraldeko zenbait mendi argiztatuko dituzte, 2019an Tologorrin egin zuten bezala. "Aberri Egunaren aurreko gauean, inguruko mendi batzuetan argiak piztuko ditugu, Euskal Herriak zutik dirauela aldarrikatzeko".

Amurrioko Axpaltza eta Burubio, Artziniegako Peñalba eta Laudioko Alpitxu dira argiztatuko dituzten tontorrak. Artziniegan eta Amurrion 20:00etan jarri dute mendira joateko hitzordua, Toñin Luengas frontoian eta Gure Eskuren lokalean hurrenez hurren. Laudioarrak 20:30ean bertaratuko dira Alpitxura, Lusurbeilandatik.

Egitarau oparoa

Aberri eguna atzean utzita ekintza sorta oparoa prestatu du Gure Esku dagok hurrengo hilabeteetarako. "Jarduera ekonomikoa, paisaia, eta eskualdeko historian garrantzi handiko lekuak, zubiak eta bideak hartu ditugu hizketa-gai. Orain berriz ere aurrera joateko asmoz", azaldu dute antolatzaileek.

Gauzak horrela, Lekamañako lubakiak bisitatuko dituzte apirilaren 16an; bisita gidatua egingo dute Ermualdera maiatzaren 7an; eta, ekainaren 4ean Urduñako bideak eta zubiak ezagutuko dituzte Txarlazo Mendi Taldearen eskutik. Iragarri dutenez datozen asteetan emango dute jardueren zehaztapen gehiago.

10 urte erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen

Duela 10 urte ekin zion bideari Gure Esku Dagok, erabakitzeko eskubidea erdigunean jartzeko asmoz. Geroztik asko izan dira Euskal Herrian egindako dinamika eta ekitaldiak, eta aurten ere hainbat ekitaldi nazional aurreikusi ditu; hala nola, Tourra ikurrinaz janzteko egindako deialdia.

Aiaraldean 2018an elkartu ziren lehendabizikoz Oletako landetan, eskualdean egin ziren herri galdeketen testuinguruan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide