Urduñatik aterako da Urmuga ekimena, eta Gorobelen barrena egingo dituzte lehen 2 etapak

Izar Mendiguren Cosgaya 2023ko api. 1a, 07:57

Honakoa ez da izango Urmugak eskualdea bisitatuko duen lehen aldia. / Aiaraldea.eus

Aiaraldean izango da mendiak eta musika uztartzen dituen zeharkaldiaren lehen etapa, uztailaren 12an. Angulo eta Urduña portuak lotuko dituzte lehenbiziko egunean, eta Gorobeletik Altubera joko dute biharamunean.

Hirugarren edizioa izango du aurten Urmuga ekimenak. Mendia eta musika emanaldiek ezaugarritzen dute abentura, eta Harriak eta Herriak elkarteak antolatzen du. Uztailaren 12tik 30era luzatuko da zeharkaldia, eta Euskal Herriko mendilerro ezagunak gurutzatuko dituzte ibiltariek. 

Gainera, Aiaraldean murgilduko dira lehenbiziko bi etapetan. Hain zuzen, uztailaren 12an (asteazkena) hasiko da egitasmoa, eta Anguloko portutik Urduñako gainera zeharkatuko dute Gorobel. Gutxi gorabehera 6-7 orduko etapa izango da, eta Urieta, Eskutxi zein Iturrigorri tontorrak zapalduko dituzte.

Biharamunean -uztailaren 13an- berriz, Urduña eta Altubeko portuak lotuko dituzte. Tartean, Gibijo eta Urkabustaitzeko mendietan zehar ibiliko dira, eta Delikako ur jauzia bisitatuko dute, besteak beste. Antolatzaileek erantsi dutenez, 6 orduko ibilaldia izango da bigarren egunekoa.  

Hala, egunez eguneko etapak zehaztu dituzte dagoeneko. Eskualdean, baina, ez du lehenbiziko aldia izango Urmugak. 2021ean ere Pobatan burutu zuten geldialdia, kultur ikuskizuna ingurune paregabeetan eskaintzeko:

Uztailaren 14tik 30era, berriz, Altube, Barazar, Urkiola, Arlaban, Urbia, Otzaurte, Lizarrusti, Albiasu, Gorostietako lepoa, Belate, Urkiaga, Ibañeta, Azpegi, Burdinkurutzeta, Bagargiak, Larraineko lepoa eta Erraizeko gainak zapalduko dituzte hurrenez hurren. Uztailaren 30ean bukatuko da ekimena, Hiru Erregeen Mahaian azken topa egin, eta Linzako aterpean amaituta. 

Kontzertuen datak eta lekuak

Kontzertuen datak eta lekuak ere jakinarazi dituzte, nahiz eta kontzertu edo ikuskizunak aurrerago zabalduko dituzten:

  • Uztailak 12, Urduña (Gorobel, Bizkaia-Araba)
  • Uztailak 14, Otxandio (Bizkaia)
  • Uztailak 17, Araia (Araba)
  • Uztailak 19, Errenteria (Gipuzkoa)
  • Uztailak 20, Aizpearro, Aralar (Gipuzkoa)
  • Uztailak 21, Irulegi-Aranguren  (Nafarroa)
  • Uztailak 23, Baigorriko Etxauzia jauregia (Nafarroa Behera)
  • Uztailak 26, Salbatore baseliza (Nafarroa Behera)
  • Uztailak 27, Iratiko oihana
  • Uztailak 28, Orihiko gailurrean eta Iratin
  • Uztailak 29, Zaraitzuko Jaurrieta-Erremendia (Nafarroa Garaia)
  • Uztailak 30, Izaba (Nafarroa Garaia)

Duela bi urte ere Aiaraldea izan zen ekimenaren abiapuntua. 2020an egin zen lehenbizikoz Urmuga proiektua, eta Julen Reketak Aiaraldea Komunikabidearen Terrazeoan saioan kontatu zituen bertan bizitakoak.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide