Udaberri bikaina egiten ari dira Iker Colmenero eta bere taldekideak, Aiala Txirrindularitza Elkarteko kirolariak. Izan ere, martxoan Aiara Birako onenak izan ziren; Colmenero lehena izan zen banakako sailkapenean eta Aiarako kluba, aldiz, taldekakoan.
Gogoratu beharra dago Aiara Birako irabazlearen maillota ez zela aspaldi eskualdean geratzen: 1993an Iñaki Isasi zen garaile, 1994an David Sojo eta 1995ean Xabin Arana.
Gauzak horrela, Aste Santuan ere sariak irabazten jarraitu dute aiararrek. Hasteko, Altsasun 3. postua hartu zuen Iker Colmenerok podiumean.
Hori izan zen asteburu arrakastatsuaren lehen geltokia. Izan ere, igandean Agurainen garaile izan zen laudioarra. Lasterketa ez zen horren borobila izan, ihesaldi saiakerek ez baitzuten emaitzarik izan, baina esprintean gailendu zen Colmenero.
Horrez gain, txirrindulariak mendiko saria ere eskuratu zuen eta Aiala Txirrindulari Elkartea ere onena izatea lortu zuen; Ekhi Uriarte Leizea 16., Ion Egia 19., Danel Gorostiaga 59. eta Harri Paskier López 77. postua erdietsita.
Bisita Jurgi Saezi
Lorpenek, dena den, ez dute eragin beste taldekideak ahaztea. Esaterako, martxoaren amaieran Jurgi Saez kidea bisitatu zuten bere etxean.
Izan ere, Aiara Birako azkenaurreko etapan amurrioarrak erorikoa izan zuen eta ospitalean igaro behar izan zituen zenbait egun, minduta. Bere taldekideek irabazlearen maillota sinatu eta oparitu zioten.