Piszifaktoria Ideien Laborategiak “inoiz egin duen sorkuntzarik handiena” da Hau ez da gerra bat, Mikel Ayllon zuzendari laudioarraren hitzetan. Berak idatzi du gidoia eta zuzendu ditu hiru protagonisten azalean jarriko diren aktoreak: Aiora Sedano, Gabriel Ocina eta Irati Agirreazkuenaga. Igor Arzuaga Piszifaktoriako beste kidea arduratu da soinu banda sortzeaz eta, zuzenean jotzeaz gain, binilo batean ere jaso dute, salgai jartzeko.
Denen artean, eta atzean duten talde handiaren laguntzarekin, bikote haustura bat eta gerra bat alderatuko dituzte formatu handiko obran. Fikzioaren bidez, giza harremanen porrotaren atzean dagoen errealitatea ulertzen lagunduko digula azaldu dute laborategiko kideek.
Maiatzaren 10ean estreinatuko den lana ez da, ordea, istorio hau inguratzen duen obra bakarra. Sarean entzungai den audio-fikzio batek, duela gutxi Gasteizen aurkeztutako Bunker ikuskizunak eta udazkenean Hi(ZKI)bridoak kultur zikloaren baitan erakutsiko duten piezak osatzen dute, besteak beste, istorioaren unibertsoa.
Hau ez da gerra bat maiatzaren 10ean estreinatuko dute Gasteizko Printzipal Antzokian, 19:30ean. Sarrerak eskuragarri daude aretoaren webgunean eta Aiaraldea Komunikabideak sarrera bikoitza zozkatuko du. Zozketaren irabazleak maiatzaren 9an jakinaraziko dira, 15:00etan.