Asteburuko topaketan emakumeak* saretzeko zein ahalduntzeko jarduera ugari egongo dira Tertangan, doan, eta umeentzako programazioa ere prestatuko dute. Aurreratu dutenez, Bizkaiko Urtxintxa Eskolak osatuko du umeentzako eskaintza, zaintza gunea ikuskizun eta jolaserako eremu bilakatuz.
Egonaldi Feministak egingo ditu Bor Bor Feminismo Elkarteak ekainaren 17an eta 18an eta izena emateko epea irekita dagohttps://t.co/IoMrum9Zce pic.twitter.com/EInCrtfZEz
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) June 9, 2023
Egitarau osoa sare sozialetan zabalduko dute datozen egunetan; baina, aurreratu dutenez, "perreo feminista" zein rap tailerrak, Aiaraldeko emakume* erreferenteen mapa, ipuin kontalariak, Aiarandreak batukada feministaren kalejira eta beste hainbat kontu prest dituzte jada.
Lotarako, ordea, 30 plaza bakarrik egongo dira. Egunean zeharreko egitarauan ez da mugarik egongo, baina izen-ematea eskatuko dute antolaketa lanak errazteko.
Izen-ematea ekainaren 14 arte egongo da zabalik, eta nahitaezkoa izango da. Interesdunek online fitxa bete beharko dute horretarako. Ekimena doakoa eta irekia izango da, egitasmoa gauzatzeko Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso baitu elkarteak.
Ekimena sustatzeko liburuxka bat sortu eta banatu dute eskualdean zehar. Bertan pilatu dituzte ekintza guztien nondik norakoak, baita ordutegiak zein jardueren adin tarteak ere.