Dinamika abiatu zuen AP-68 dohainik plataformak hauteskunde kanpainaren hasieran, autobide horren doakotasunaren alde lerratzea eskatzeko eskualdeko alderdiei.
Orain, kanpaina horren emaitzak plazaratu ditu plataformak. Azaldu duenez, honako talde politiko hauek egin dute bat aldarriarekin: Orain Amurriok, Omniak, Adiek, Aiara Batuzek, Okondo Aurrerak eta Arrigorriaga Garak. Salatu dutenez, ez dute erantzunik jaso EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemosen udal taldeen partetik (Urduña, Orozko, Amurrio, Laudio, Aiara, Okondo eta Arrankudiaga-Zolloko talde politikoei luzatu diete lerratzeko eskaera).
Alderdi horiek guztiek erantzuna eman dute, baina euren alderdi egiturak edota Foru Aldundiko ordezkariak baliatuta. "EAJko Ugaoko alkateak soilik erantzun gaitu, bere taldetik defendatzen dituzten argudio berdinekin". Horrez gain, gogorarazi dute Orozkoko Udalean mozioa aurkeztu zenean bertako EAJk alde bozkatu zuela.
Baina hori salbuespena da, jeltzaleek ez baitute bat egin doakotasunaren aldeko aladariarekin, plataformaren arabera. Bi argudio nagusi eman ditu EAJk horretarako: autobidea ez dela diskriminatzailea jende orok berdin ordaintzen duelako eta bidesaria kenduko balitz berotegi efektuko gasen isurketa handitu egingo litzatekeela. Bi argudio horiek gezurtatu ditu plataformak, eta nabarmendu du EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek ere aipatu dutela berotegi efektuko gasen afera.
Plataformako kideek argi dute euren aldarriekin bat egiten ez duten alderdiek ez dutela euren botorik merezi
EH Bilduk, aldiz, eta plataformaren arabera betiere, erantzun du 2026ra arte ezin dutela ezer egin, urte horretan amaitzen delako autobidearen kontsezioa. "Argudio hori ponentzia batean agertzen da, EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek Arabako Batzar Nagusietan onartutakoa. Ponentzia horrek, laburbilduz, dio Aiaraldeko biztanleok ordaintzen jarraitu behar dugula, eurek erabaki eta onartu arte lurraldeko autobideak nola finantzatu".
PSE-EEk ponentzia hori "kopiatu eta itsatsi" du plataformari emandako erantzunean. Elkarrekin Podemosek, aldiz, garraio publikoaren alde dagoela argudiatu du, eta plataformak erantzun dio, funtsean, gauza batek ez duela bestea kentzen.
PP, aldiz, doakotasunaren alde lerratu da, baina plataformak gogorarazi du alderdi hori izan zela kontsezioa 2026. urtera arte "aldebakartasunez" luzatu zuena.
Ondorioak
Plataformaren aburuz, kanpainaren emaitzak argi uzten du "kasu askotan" udal politikak ez direla herrietatik gidatzen, "Batzar Nagusietan alderdi bakoitzak duen ordezkaritzatik" baizik. Horren aurrean, autobidearen doakotasunaren aldeko mugimenduan dabiltzatenek argi dute euren aldarriekin bat egiten ez duten alderdiek ez dutela euren botorik merezi.