2013. urtean jaio zen Untzueta Nafar Gaztelua lantalde “zabal eta parte-hartzailea” eta harrez geroztik urtero antolatzen dituzte antzinako Untzuetako nafar gaztelua oroitzeko ekitaldiak.
2014an jarri zuten nafar gaztelua bertan izan zela adierazten duen mugarria Untzuetako tontorrean, eta harrezkero urtero gogoratzen dute “Euskal Herriaren jatorri historikoa eta lurraldekotasuna”.
Larunbat honetan, ekainaren 3an, gaztelua oroitzeko ekitaldia egingo dute. Hego Uribeko eta Aiaraldeko zenbait herritatik Untzueta Pikura igo ondoren, 11:30ean egingo dute hamaiketako herrikoia. Ostean, eguerdian, aurreskua dantzatu eta ekitaldiari hasiera emango diote. Ohi legez, txalapartariek eta albokariek girotuko dute ospakizuna.

