Aiaraldeko Mendiak Bizirik taldeak salatu du Aldundiak bi parke eoliko berriri baimena emateko izapideak hasi izana lege-iruzurra dela

Jone Gartzia Gerra 2023ko eka. 3a, 10:00

Apirilaren 24an Airaldeko Mendiak Bizirikek eginiko mobilizazioaren irudia. / Aiaraldea.eus

Ferosca I eta Ferosca II izenez aurkeztu dituzte, eta iragan astelehenean, udal eta foru hauteskundeen biharamunean, Arabako Foru Aldundiak iragarri zuen hauei baimena emateko administrazio-izapideak hasi zituela. Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak salatu du ez dituztela oinarrizko bi baldintza bete, lurralde-plan sektoriala izatea eta herritarren parte-hartzea bermatuta egotea.

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak oharra kaleratu du salatzeko "lege-iruzurra" dela Arabako Foru Aldundiak Aiaraldean bi parke eoliko gehiago egiteko baimenak eskuratzeko administrazio-izapideak hasi izana. Izan ere, baimen industriala lortzeko derrigorrezkoa da lurralde-plan sektorial bat (LPS) egotea eta herritarren parte-hartzea bermatzea.

Azken honetarako, hauek dira baldintzak, Aiaraldeko Mendiak Bizirik taldeak azaldu duenaren arabera: proposamenak ulergarriak izatea, jendearen eskura jartzea, jendeak oharrak eta iritziak plazaratzeko eskubidea izatea, parte-hartzearen emaitzak behar bezala kontuan hartzea, hartutako erabakien eta gogoeta horien oinarri diren arrazoien eta kontsiderazioen berri ematea jendeari, eta informazio teknikoa eta ingurumen-informazioa erraztea eta ematea.

Plataformako kideek ohartari dute industria eoliko horiek hirigintza-estaldurarik ez duten instalazioetan baimentzen ari direla. “Aldez aurretik plan berezi bat onartu behar da, lurraldea eta hirigintza antolatzeko tresnetara egokitzeko mekanismoak, tresnak eta moduak aurreikusiko dituena”, azaldu dute. Beren iritziz, baimen horiek gauzatzeko beharrezko hirigintza-planak onartu ezin badira, ondoren “eginezin” gera daitezke, eta horrek “ez du inolako zentzurik”.

Aiaraldeko plataformak argi ikusten du indarrean dagoen hirigintza-araudiaren arabera, industriako administrazio-baimena onartu aurretik plan berezi bat onartu beharko litzatekeela. Hartara, bertako kideek argudiatu dute gidalerroek argi eta garbi ukatzen dutela parke eolikoak onartzea hirigintza-planteamendurik gabe eta, adierazi dute, Eusko Legebiltzarrak parke eolikoak eraikitzeko gisa guztietako baimenak eten beharko lituzkeela, “Legebiltzarreko talde guztiek aho batez onartutako Energia Elektrikoaren Lurralde Plan Sektorialari buruzko Eusko Legebiltzarraren 4/2009 Legez Besteko Proposamenaren arabera”.

Paisaiaren garrantzia

Era berean, plataformak proiektuek kaltetuko lituzketen tontorren eta ingurunearen garrantzia azpimarratu du, hauen balio naturalagatik, arkeologikoagatik, etnografikoagatik, faunistikoagatik, paisajistikoagatik eta kulturalagatik. Gainera, azpimarratu dute eskualdean gehien ikusten diren lurraldeak direla, eta “Orozkoko, Laudioko, Aiarako (bereziki, Luiaondoko), Amurrioko, Okondoko eta Urduñako herritarrentzat erreferentzia eta ortzi-muga" direla.

Hori dela eta, Aiaraldeko Mendiak Bizirikek uste du elektrizitate eolikoa sortzeko azpiegiturekin mendiak industrializatzea “erabat bateraezina” dela Aiarako eremu funtzionalaren Lurralde Plan Partzialarekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide