Bi parke eoliko gehiago egiteko baimenak argitaratu ditu Arabako Foru Aldundiak hauteskundeen biharamunean: Laudion, Amurrion, Orozkon eta Aiaran

Aitor Aspuru Saez 2023ko mai. 30a, 08:19

Eraiki nahi dituzten bi parke eolikoen kokapena. / Aiaraldeko Mendiak Bizirik

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak salatu du udal aldaketak baliatuko dituela Arabako Foru Aldundiak proiektuekin aurrera egiteko gutxieneko gardentasun eta parte hartzerik gabe. Izan ere, 20 egunetan aurkeztu behar dira helegiteak. 12 aerosorgailu dira guztira eta Mostatxan, Peñanegran, Pagolarren, Elexazarren edota Pagonabarran jarriko lituzkete.

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataforma harremanetan jarri da Aiaraldea Komunikabidearekin jakinarazteko gaur bertan Arabako Foru Aldundiak publiko egin duela bi baimen eman dituela Aiaraldean parke eolikoak egiteko. Hasierako onarpenak dira eta udalek 20 egun izango dituzte helegiteak aurkezteko, baldin eta interpretatzen badute euren eskumenak inbaditzen ari direla.

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak salatu du 2.000 hektarea okupatuko dituztela 12 aerosorgailuek Mostatxan, Elezaxar edota Pagolarren

Baimenetako batek Amurrio, Laudio eta Orozkori eragiten die eta besteak Aiara eta Laudiori. Azpiegiturek 2.000 hektarea baino gehiago okupatuko lituzkete guztira, plataformak zehaztu duenez.

Kalkulu politikoa

Ferosca Wind enpresaren eskaerei argi berdea eman die Aldundiak eta kolektiboak bere haserrea azaldu du une politikoa aintzat hartuta: "Hauteskunde gaua amaitu bezain pronto zabaldu dute informazioa, hauteskunde kanpainan ez esateko. Baimen hauek aspaldi ari ziren tramitatzen eta ez dute ezer esan aurretik. Ez guk ez udalek ez dakigu ezer eta 20 egun baino ez daude helegiteak aurkezteko".

Aiaraldeko Mendiak Bizirikek azpimarratu du Arabako Foru Aldundiak ez duela ahalbidetzen ez herritarren ez tokiko erakundeen parte hartzea erabakietan eta gogoratu du helegiteak udal osoko bilkuren osaketen erdian egin beharko liratekela.

Legez kontrako prozedura

Plataformak errepikatu du berriki azaldutakoa, hau da, Energia Berriztagarrien Sektore Plana onartu gabe tramitatzen dituela Eusko Jaurlaritzak baimen hauek guztiak eta hori legez kontrakoa dela: "Azpiegitura hauek ez daude jasota Aiarako Lurralde Plan Partzialetan eta, ondorioz, hirigintza araudiaren aurkakoak dira".

Oso modu kritikoan adierazi du plataformak kalkulu politikoa egon dela udal eta foru hauteskundeak amaitu bezain pronto parke eoliko hauen berri emateko.

Sei parke eoliko aurreikusita guztira

Azken bi egitasmo hauekin, Aiaraldeak sei makroazpiegitura eoliko hartuko lituzke guztira. Berez, Larragorri-Jesurikoa, Untzuetakoa, Ganegokortakoa eta Gorobelekoa zeuden mahai gainean. Orain Ferosca Wind enpresak sustatutakoak gehitu behar dira. Horiek Mostatxan, Peñanegran, Pagolar Elexazar edota Pagonabarran egongo lirateke. Aiaraldeako Mendiak Bizirik plataformak egindako mapetan ikus daiteke euren kokapen zehatza.

Guztira, 12 aerosorgailu instalatzea eskatu du konpainiak, 54 MW sortzeko. Aldundiak zabaldutako dokumentazioan ez da zehazten erroten tamaina, baina gogoratu beharra dago Jesurin eta Larragorrin eraiki nahi dituztenak 200 metroko altuerakoak direla.

Plataformak azaldu du Fernando Valldeperes López dela Ferosca Wind konpainiako administrari bakarra eta bera ere dagoela Delta Power enpresaren atzean. Hain zuzen, Delta Powerek erakundeetara jo du Untzueta mendian azpiegitura eolikoak ezartzeko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide