Aiaraldeko lehen arretako bost osasun zentro itxiko dituzte edo ordutegi murrizketak izango dituzte udan

Aitor Aspuru Saez 2023ko eka. 15a, 11:23

Aiaran nabarmenak izango dira murrizketak Arespalditzan zein Luiaondon./ Aiaraldea

Osakidetzako zuzendaritzak atzo jakinarazi zien sindikatuei zerbitzuan murrizketak egongo direla hainbat anbulatoriotan eta Okondon, Luiaondon, Arespalditzan, Artziniegan eta Laudion islatuko dira.

Atzo bilera egin zuten Osakidetzako zuzendaritzak eta osasun sistema publikoko sindikatuek. Osasun erakundearen arduradunek sindikatuei iragarri zieten lehen arretako zerbitzuan murrizketak egingo dituztela udako opor garaian.

Hainbat barrutitan nabarituko da horren eragina eta eskualdeko kasuan bost zentrotan islatuko da:

  • Okondo: uztailaren 24an eta abuztuaren 14an eta 16an itxita.
  • Artziniega: uztailaren 17tik 28ra bitartean eta irailaren 11tik 15era itxita. Astearteetan eta ostegunetan baino ez dute zerbitzurik emango, 08:00etatik 12:00ak arte.
  • Arespalditza: ekainaren 5etik 21era bitartean itxita eta uztailean eta abuztuan astearteetan eta ostegunetan itxiko dute 08:00etatik 11:00ak arte.
  • Luiaondo: uztailaren 10etik 14ra bitartean eta abuztuaren 16tik 31ra itxiko dute astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan. Zerbitzua emango dute astearteetan eta ostegunetan 08:00etatik 11:00ak arte.
  • Laudio:  uztailaren 19tik irailaren 15era 08:00etatik 17:00ak arte baino ez dute irekiko, hau da, zerbitzua hiru ordu murriztuko dute.

Eragina oso bestelakoa izango da herriz herri, baina nabarmena guztietan. Horrez gain, gogoratu beharra dago larrialdietan ere arazoak egon direla azken hilabeteetan eta erizainak egon direla zerbitzu hori eskaintzen, medikuen ordez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide