Hezkuntza Jardunaldiak egingo ditu Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak bihar (ekainak 16) Faktorian, 17:00etatik aurrera. Aiaraldeko Herri Curriculuma osatzen hasteko "aurreneko urratsak" ematen hastea izango da ekimenaren xede nagusia. Horretarako, Euskal Herriko beste toki batzuetako esperientziak jarriko dituzte mahai gainean, bi hizlariren eskutik.
Alde batetik, Josu Zubiak hartuko du hitza. Honakoa ez da izango Faktorian egongo den lehen aldia. Aurretik ere egona da, baina oso bestelako rol batekin. Izan ere, Potx pailazoa hezur-haragitzen du Zubiak, eta esperientzia handia du clown eta antzerki munduan. Horrez gain, Oñatiko Herri Curriculumeko koordinatzailea izan da, eta esperientzia hori kontatuko du.
Mari Karmen Garrido Regidorrek, aldiz, Aramaioko Herri Curriculuma sortzeko prozesua izango du hizpide. Egun erretiratua dago, baina hezkuntzaren esparruan garatu du bere ibilbide profesional guztia, Haur Hezkuntzako tutore zein ikastetxeko zuzendari lanetan, besteak beste.
Jardunaldiek 2 orduko iraupena izatea aurreikusi dute antolatzaileek, eta erabat irekiak izango dira. Bi hizlariak mintzatuko dira lehen orduan, eta lan-taldetan bilduko dira gero, entzundakoa Aiaraldera nola ekarri daitekeen pentsatzeko.
Proiektu ilusionagarri berri bat abiatuko dugu biharko antolatu dugun mahai inguruarekin. 😀#AiaraldekoHerriCurriculuma
— Aiaraldeko euskalgintza kontseilua (@eusk_kontseilua) June 15, 2023
Oñatiko eta Aramaioko esperientzietatik ikasi eta gurea irudikatzen hasiko gara. Ez galdu bihar aukera @EkintzaFaktoria n pic.twitter.com/VsOmp6tYTU
Aiaraldea Komunikabidea zuzenean emitituko du jardunaldietako mahaingurua, Aiaraldea.eus atarian eta Youtube zein Twitch kanaletan.