Herritar guztientzako "sestra bera" aplikatzea exijitu du Aiaraldeko Pentsionisten Mugimenduak, azken asteetan ohiartzuna hartu duen Ertzaintzaren lan baldintzen inguruko eztabaidaren harira.
Pentsionistek gogor kritikatu dute Ertzaintzako sindikatuek eta 'Ertzainak Indar Bidez' mugimendu asindikalak eskatutako 1.110 euroko soldata igoera eta Eusko Jaurlaritzak hauei eskainitako 18 milioi euroak.
"Ertzain horiek lansari duina dute, eta erretiro duina dute 60 urterekin. Zenbat gaztek sinatuko ote luke 1.100€-ko lan-ituna? Zenbat eraikuntzako langilek, kamioi-gidarik, altzairutegiko beharginek, nahiko luke 60 urterekin erretiratu, horienen moduko pentsioarekin?" galdegin dute komunikabideetara igorritako oharrean.
Ertzainen borroka eta praktikak ezbaian
"Aldarrikapen neurrigabeak" ez ezik, azken hilabetean lan-baldintzen alde polizia autonomikoak jarraitutako prozesua ere kritikatu dute,
Ertzaintzak "teorian bete beharko lituzkeen arauak eta legeak" betetzen ez dituela salatuz. "Legebiltzarraren aurrean elkarretaratze egiten dute, tranbia eteten dute, baina EZ da EZER gertatzen. Ez dute borra-ukaldirik jasaten, ez zaie mozal-legea ezarten, ez zaie isun ugari eta dirutsurik ezarten..." zerrendatu dute.
Tubacexeko langileen protestekin alderatu dituzte Ertzaintzaren mobilizazioak. Izan ere, Tubacexeko langileek ere egin zuten elkarretaratzea Eusko Legebiltzarraren aurrean multinazionalak ezarri nahi zituen kaleratzeen aurka. Orduko hartan, ordea, protestan zeudenekiko poliziaren erantzuna oso bestelakoa izan zen.
Ardura politikoen eskean
Eusko jaurlaritzak "munstro" bat sortu duela salatu dute Pentsiodunek: "Urteak daramatzazue ertzainek egindako abusuak-eta txurizkatzen eta estaltzen, orotan arrazoia ertzainei emaiten, zer nahi eginda ere. Entzun eta ikusi izan ditugu, nola zuritzen dituzten beren jarduera guztiak, eta hala ere herritarren aurkako oldarraldi bortzitzak, itsumustuan joka, ikusi ere, ikusi izan ditugu".
Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzaren eskariei erantzuteko 18 milioi euro eskaini izana ere salatu dute, "langile asko hilean 1.000 euro jasotzera iristen ez direla kontuan hartu gabe".
Pentsio duinen aldeko borroka
Bost urte daramatzate pentsionistak eskualdeko plazetan mobilizatzen 1.080 euroko pentsio minimoa eskatzeko.
Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzarekin izandako jarrera ikusirik, pentsiodunen aldarrikapenei heltzeko "borondate politikorik ez duela" salatu du. "1.080 euroko aldarrikapenak Erkidegoko 85.000 lagunen bizi-baldintzak hobetuko lituzke Euskal Autonomia Erkidegoan, eta Nafarroako Foru Komunitatean 28.000 baino gehiagorenak", azaldu dute oharrean.
Ertzaintzak uko egin die Jaurlaritzaren 18 milioi euroei, pentsiodunek diru hori "benetan beharra eta premia duen jendearen alde" erabiltzea proposatu dute.