Musika eta mendizaletasuna uztartuz Euskal Herria mendebaldetik ekialdera lotzea da Urmuga egitasmoaren helburua. Ekimenaren laugarren edizioa izango da aurtengoa eta, aurrekoetan bezala, Gorobel mendilerroan emango ditu lehenengo urratsak, uztailaren 30ean Hiru Erregen Mahaian bukatzea helburu.
Bi egun Aiaraldean barrena
Uztailaren 12an abiatuko da Urmugaren laugarren edizioa Angulo portutik. Gorobelen barrena egingo dute lehenengo jardunaldia, Urduñako mendateraino. Boreas Camarak, Aitor Aspuru trikitilariak eta Amurrioko musika eskolako ikasleek girotuko dituzte lehenengo pausoak. Urduñara arteko bidean Urieta, Eskutxi eta Tologorri gailurrak zapalduko dituzte mendizaleek, 6-7 orduko ibilaldian.
Eguneko kontzertu nagusia Txarlazo eta Fraileburuko ataka artean eskainiko dute, 15:30ak aldera. Baleen Lobak taldeak eskainiko du emanaldia. Aurreratu dutenez, euria eginez gero Amurrioko San Anton plazara eramango dute egitaraua, 18:30ean.
Honakoa ez da izango Gorobelen Urmuga kontzertu eta ikuskizunak eskaintzen dituen lehenengo aldia. 2021ean ere Ponatan burutu zuten geldialdia, kultur ikuskizuna ingurune paregabeetan eskaintzeko. Orduko hartan Urduñako elizan ere egin zuten musika emanaldia.
Uztailaren 13an, ordea, Urduñako portutik Altubeko portura joko du Urmugako martxak. Bidean Nerbioiko ur-jauzia igaroko dute, Aiaraldea atzean utzi eta Urkabustaitzeko lurretan murgiltzeko.
Egun horretan kontzertua eskainiko dute Garrastatxuko baselizan. Eskualdeko musikariak arituko dira bertan: Burbuilak Taldea, Sabin Guaresti bakarlaria eta Lander eta Ander trikitilariak, Trixtuka eta Getxa Goi Txistulari Taldea. Kontzertuak 18:30etan izango dira, eta sarrera dohakoa izango da.