Energia Berriztagarrien Sektore Planak kontrako iritzi zabala jaso du Aiaraldean eta horren isla da eskualdetik bidali diren ehunka alegazio.
Izan ere, Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak 117 alegazio herrikoi eta 51 tekniko eraman zituen pasa den astean Eusko Jaurlaritzara. Aiarako Udalak ere 23 Administrazio Batzarren izenean arrazoibideak prestatu zituen tokian toki eta, horrez gain, orokorra ere egin zuen. Urduñan eta Ruzabalgo Administrazio Batzarren artean 30 alegazio baino gehiago aurkeztu dituzte.
Horri batu behar zaizkie egoitza elektronikoa zuzenean baliatu dutenenak eta sumatu daiteke dokumentu oldea heldu dela Industria eta Ingurumen Sailera (4.000 arrazoibide baino gehiago eraman zituzten planaren kontrako plataformek ostegunean).
Hautatuko eremuak desjabetza arriskuan
Energia Berriztagarrien Sektore Planaren asmoa da EAEko lurraldea sailkatzea energia mota horien ustiaketarako. Horrela, gaitasun handiko, ertaineko eta baxuko zonak definitu ez ezik, kokaleku hautatuak ezartzen ditu.
Planaren arabera, behin onartuta edozein enpresak bereganatu ditzake toki horiek eta bertan azpiegitura fotovoltaikoak edo eolikoak eraiki. Hau da, enpresa pribatuen mesederako ehunka hektarea desjabetu ditzakete planak aurrera egiten badu.
Harridura balizko kaltetuen artean
Desjabetza prozesuen menpe gera daitezkeen zenbait jabe ez dira egoeraren jakitun izan Administrazio Batzarrek bilerak deitu arte. Sinesgogortasuna ohiko erantzuna izan da, alegaziok sinatu baino lehen.
Zenbait jabek Administrazio Batzarrek deitutako bileretan jakin izan dute euren lurrak desjabetze arriskuan egon daitezkeela
Harridura hori ez da soilik herritarren artean gertatu. Esaterako, Ruzabalgo Administrazio Batzarrek antolatutako bileran udal gobernu jeltzaleko zinegotzi batek iragarri zuen Arantxa Tapia berari bilera eskatuko ziotela azaltzeko ezinezkoa zela aurreikusitako proiektuak Urduñan gauzatzea.
Aiaran adituak kontratatu dituzte
Ruzabalera gatazka heldu bazen, Aiarako Udalari esker izan zen. Hain zuzen, Etxegoiengo herritar batek Ruzabalgo biztanleei jakinarazi zien han ere azpiegitura fotovoltaikoak eraikitzeko asmoa dagoela, bi baserri inguratuz eta lehen sektorerako erabiltzen diren zelaiak bereganatuz.
Herritarrekin gaia gehien landu duen udal gobernu taldea Aiarakoa izan da. "Ekainaren 17an jakin genuen alkatetza hartuko genuela eta astelehenean heltzean mahai gainean genituen gaien artean hau zegoen", azaldu du Karmele Poblacion EH Bilduko zinegotziak.
Berez, egitasmo eolikoak eta fotovoltaikoak batuta, udalerri kaltetuena Aiarakoa da eskualdean eta horregatik erakundeak erabaki zuen aholkularitza teknikoa kontratatzea.
Aiarako Udalak salatu du Arantxa Tapiaren sailak informazio eskubidea urratu duela, herritarrei zein teknikariei ukatu baitie beharrezkoa den informazio guztia
"Zailtasun handiko dokumentua da Energia Berriztagarrien Sektore Plana eta nahiz eta gure lurraldea oso egokia ez izan horrelako azpiegiturak eraikitzeko, Murgan dagoen estazio elektrikoa eta hemen dauden goi-tentsioko lineak erabili nahi dituzte, antza", azaldu du Poblacionek.
Babesgabe
Aiarako Udalaren ustez, Energia Berriztagarrien Sektore Planak puntu ahul ugari ditu: "Oso azkar idatzi dutela bistakoa da".
Hala ere, eta aintzat hartuta udal gobernu taldea ez dagoela energia berreztegarrien kontra, azpimarratu nahi izan dute sortu duen babesgabetasuna: "Oso testu konplexua da eta teknikariei zein herritarrei ez diete informazio nahikorik eman. Kokapenak eta xehetasunak identifikatzea ezinezkoa da, PDF fitxategia baita. Horrez gain, gobernu aldaketen artean atera dute hasierako onarpena", kritikatu du Karmele Poblacionek.
Zinegotziaren aburuz, informazio eskubidea ez da errespetatu eta hori gutxi balitz, garrantzitsuak diren hainbat aldagai ez dituzte kontuan hartu: korridore ekologikoak, paisaien balioa...
Hori dela eta, bi helegite mota sortu ditute. Bat orokorra da "legedia urratzen duelako" eta bestea Administrazio Batzar bakoitzaren araberakoa. "Etxebizitzak, nekazaritza ustiategiak, bazkak, baso bereziak... Ahalik eta lurralde eremu handiena babesten saiatu gara", argitu du Poblacionek.
Udalak, herritarrak eta Aiaraldeko Mendiak Bizirik
Urduñako Udaleko zinegotziek eta teknikariek antzeko argudioak eskaini zituzten Ruzabalgo herritarrekin egindako bileran. "Udaletxera ez da heldu jakinarazpenik Energia Berriztagarrien Sektore Planari dagokionez, honek guztiak ezustean harrapatu gaitu alegazioak aurkezteko egun gutxi falta direnean", adierazi zuten.
Uztailean arrazibodeen aurkezpenak aurrera egin badu ere, gaia mahai gainean jarri zuen lehen eragilea Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataforma izan zen. Eurek sustatu zituzten bilerak udalekin eta plazaratu zuten Orozko, Laudio, Aiara eta Amurrio prest zeudela arrazoibideak prestatzeko.
Halaber, eredu herrikoia zabaldu zuten eta eskualdeko egoeran zentratutako alegazio teknikoa ere aurkeztu zuten.