Erretes Tudelako eta Garrastatxuko baselizen kontserbaziorako 90.000 euroko dirulaguntza emango du Aldundiak

Aitor Aspuru Saez 2023ko abu. 29a, 07:00

Garrastatxuko baseliza, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Artziniegako Udalak espero du Erretes Tudelako teilatua zaharberritzeko aukera izatea, iaz antzeko ekarpena jaso behar baitzuten eta Arabako Foru Aldundia bitartekorik gabe geratu zenez, uko egin zioten esku hartzeari.

Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du 90.000 euro bideratuko dituela Erretes Tudelako eta Garrastatxuko baselizen mantenurako. Hain zuzen, Erretes Tudelako San Roke ermitan helburua da teilatua zaharberritzea. Artziniegako Udalaren aurrekontua 93.376,17 eurokoa da eta foru erakundeak 60.000 euroko gehieneko laguntza proposatu du.

Bestalde, Garrastatxuko Pietateko Andra Mariko ermitan, Baranbion, xedea da teilak aldatzea. Baranbioko Administrazio Batzarraren aurrekontua 49.231,12 eurokoa da eta dirulaguntza, aldiz, 33.477,16 eurokoa.

Arabako Foru Aldundiak tokiko erakundeekin elkarlanean egiten ditu esku hartze hauek eta iaz arazoak egon ziren Erretes Tudelaren kasuan.

Izan ere, Joseba Vivanco alkateak sare sozialetan salatu zuen 21.240,64 euro esleitu zizkietela, "partidako aurrekontu agorpenagatik", nahiz eta ebazpenean 67.230,84€ aitortu. Hortaz, obrak egin gabe utzi zituzten, diru nahikorik ez zegoelako.

Nabarmentzekoa da tokiko erakundeek ezinbestekotzat jotzen dituztela zaharberritze hauek, utzikeriak ondare historikoa eramatea erraztu baitie lapurrei, Erretes Tudelan bereziki.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide