Bizkaiko Renfeko enpresa batzordeak salatu du udan 6.230 aldiz geratu direla Bilboko aldiriko zerbitzuak bertan behera edo atzerapenak gertatu direla garraio zerbitzuan.
Hori dela eta, elkartasuna adierazi diete erabiltzaileei -euren ustez litekeena da guztiek kalteren bat bizi izana- eta enpresaren egoera salatu dute.
Enpresaren konpromiso faltari leporatu diote egoeraren erantzukizuna
Sindikatuek azpimarratu dute urterik urte egoerak okerrera egiten duela "erakundeen konpromiso faltagatik, utzikeriagatik eta inbertsio gabeziagatik".
Hain zuzen, langile antolakundeek azpimarratu dute zuzendaritzarekin bildu direla eta horrek ez duela neurririk hartu arazoei irtenbidea bilatzeko. Hori dela eta, sindikatuek beste bide bide batzuk lantzeko beharra jarri dute mahai gainean, enpresa sakatzeko.
Langile nahikorik ez eta konponketa-lantegiak gainbeheran
Enpresa batzordearen iritziz, arazoen iturburua da behar beste mantentze-lanetan eta salmenta puntuetan beharginik ez dagoela, eta gidariak ere ez direla nahikoak.
Gainera, konponketa-lantegietan egoera okertu omen da, azaldu dutenez: "Lehenengo aldiz matxurek gainezka egin dute". Trenak zaharrak direnez, matxura gero eta gehiago eta konplikatuagoak dituzte.
Atzerapenak eta arazoak gertatzen dira langile faltagatik eta matxurengatik; trenak oso zaharrak dira eta konponketa-lantegietan pieza gabe lan egiten dute
Bestetik, sindikatuek nabarmendu dute Ollarganen dagoen tailerraren baldintza materialek okerrera egin dutela. Dirudienez, piezarik eta azpiegitura egokirik gabe lan egin behar dute trenen mantentzean eta konponketan.
Horrek guztiak, salatu dute, eragin du "maiz aire giroturik gabe egotea, edo megafonia barik, motorren parteekin deskonektatuta, kristal apurtuekin, eserlekurik gabe eta, kasu okerrenetan, matxurekin, zeinek trenbidean geldirik uzten dituzten trenak bidaiari guztiekin".
Arrazoi operatiborik ez, gidari falta baizik
Atzoko zerbitzu murrizketaren ondoren, gaur ere tren gutxiago egongo dira eta Renfek "arrazoi operatiboak" argudiatu ditu horretarako. Edonola ere, enpresako iturri sindikalek adierazi dute hori gezurra dela: "Kontua da gidari nahikorik ez dagoela. Urrian 18 gidari sartuko dira".