Artziniegako Museoak besoak zabalik jaso ditu Aiaraldeko Kultur Faktoria eta Euskal Idazleen Elkartea, asteburu honetan bertan abiatuko den Arte Hartze sormen zikloaren nondik norakoak aurkezteko. “Bide emankorra opa dizuegu. Bai zuei eta bai artista gazte berri guztiei, literaturan eta arte ezberdinetako diziplinetan arintzen direnak. Artziniegako Arteak emango dizue lehen arnasa!”, aldarrikatu du Paki Ofizialdegi museoko zuzendariak aurkezpeneko hitzaurrean.
“Artistak elkartu eta diziplinak uztartuko ditu Arte Hartze zikloak: akrobaziak eta literatura, kontzertu bat eta arte bisualak, nazioarteko irrintzilariak..."
Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kultur ildoak, "sormena hostoz hosto" lelopean, ikuskizun zikloa antolatu du udazken honetarako. Urriaren 8tik abendura bitarte, arte dizpilina anitzetako ikuskizunak eskainiko ditu, bi igandean behin. “Artistak elkartu eta diziplinak uztartuko ditu Arte Hartze zikloak: akrobaziak eta literatura, kontzertu bat eta arte bisualak, nazioarteko irrintzilariak eta bailarakoak, antzinako langintzak eta dantza garaikidea, eta abar eta abar”, azaldu du Ekaitz Goienetxeak, Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kultur kudeatzaileak.
Zikloak sortzaileak eta publikoa elkarrengana hurbiltzea du xede. Hori dela eta, ikuskizun bakoitzaren ostean "prozesu kreatiboa biluztuko" dute, solasaldirako tartea irekiz. Goienetxearen hitzetan, "ikuskizun batek atzean duen lana erakustarazi eta sormenaren gorabeherak, zirrarak, ikarak, buruhausteak eta marabillak ezagutarazteari tartea irekiko diogu”.
Zuhaitzekin solasean
Igande honetan -urriak 8- abiatuko da Arte Hartze zikloa Artziniegako Arteko Gure Amaren santutegiaren inguruetan. Bertan, Zuhaitzekin solasean ikuskizuna eskainiko dute, 17:30etatik aurrera. Ikuskizuna Euskal Idazleen Elkarteak sustatutako Literatura Eragin dinamikaren estreinako emanaldia izango da. Elkarteko kide den Garazi Albizuak azaldu duenez, "pozarren" daude egitasmoa Araban hasi eta bertatik Euskal Herri osora zabaltzeagatik.
“Horixe gonbitea. Inguruko artistak etor daitezen. Ez dute zertan literatur zaleak izan: izan daitezke eskultoreak, izan daitezke dantzariak, pintoreak..."
Igandean, Roug Elea konpainiako akrobatek ikuskizuna eskainiko dute idazle eta literatur zaleek gogoko dituzten testu laburrak ozen irakurtzen dituzten bitartean. Hori dela eta, idazle eta irakurleei luzatu die Albizuak Artziniegara bertaratzeko gonbita: “Zuzendu nahi diogu ekimena literatur zale orori, ez bakarrik elkarteko kideei. Gonbidapenak luzatu dizkiegu irakurketa taldeei, kultur etxeei, liburutegiei eta, orokorrean, literaturarekin harreman hori dutenei edo maite duten pertsona guztiei".
Berriki Espainiako Literatur Saria jaso duen Patxi Zubizarreta idazlea izango da igandeko emanaldiko gonbidatuetako bat, beste askoren artean. Zubizarretak ere ez du gonbitea inguruko artistei luzatzeko aukera galdu: “Horixe gonbitea. Inguruko artistak etor daitezen. Ez dute zertan literatur zaleak izan: izan daitezke eskultoreak, izan daitezke dantzariak, pintoreak...".
Sarrerak eta egitaraua
Honezkero eskuragarri daude Arte Hartze zikloko sarrerak. Internet bidez 35 euroko bonoa jarri dute eskuragarri ikuskizun guztietaz gozatzeko. Orotara sei ekitaldi izango dira eta bakoitzean bi ikuskizun baino gehiago eta solasaldiak egongo dira. Hemen kontsultatu daiteke programa osoa.