Fase berri bat abiatu zuen Lyrikanek bere musika ibilbidean duela urtebete baino gehiago. Doinu elektronikoagoak jorratzeari ekin zion, eta erronka bat jarri zion bere buruari: hilabetero abesti eta bideoklip berria plazaratzea.
Eta horretan aritu da azken urtean. Iragan irailaren 5ean plazaratu zuen bere azken sorkuntza, Lova Lova izeneko kanta. Beti bezala, dHastHBeats ekoizlea izan du bidelagun, eta berarekin batera garatu ditu datozen hilabeteetan aurkeztuko dituen proiektuak ere.
Izan ere, estudioan murgilduta igaro du Lyrikanek udan, eta hainbat lan berri prestatu ditu, "azarotik aurrera" plazaratzeko asmoarekin. “Kanta ugari grabatu ditugu denbora gutxian, eta bakoitza noiz argitaratu aztertzen gabiltza”, jakinarazi du sortzaileak.
Ez du askoz gehiagorik aurreratu nahi izan, baina adierazi du abesti berriek “kalitatean jauzi” bat ematea ekarriko dutela. “Madrilgo artista batekin aritu gara grabatzen, adibidez. Baina udarako utziko dugu kantu hori, sasoi horretarako aproposa delako", iragarri du.
Garai horretarako ere utziko dute Mark L arrigorriagarrarekin eginiko beste kolaborazio bat. “Potentzial handiko gaztea da eta abesti nahiko serioa atera zaigu”.
“Proiektu oso zoro” batean buru-belarri
Baina, aipatutako kantuez gain, beste proiektu bat ere du Lyrikanek esku artean, “oso zoroa”. Bere hitzetan, orain arte egin duen “gauzarik handiena” izango da, eta dHastHBeats ekoizleak eginiko lana goraipatu du batez ere. “Bere konfort gunetik atera da eta soinu ezberdina lortu du, diskoteka kutsukoa, oso originala”. Hiruzpalau abesti izango dira guztira, baina oraindik ez dute zehaztu noiz eta nola plazaratuko dituzten.