Sari eta lorpen ugarirekin itzuli dira Maialen Lazkano Ugarte eta Arrietta Ruiz Goiri Espainiako zein Euskadiko hezte klasikoko txapelketetatik

Txabi Alvarado Bañares 2023ko urr. 10a, 21:21

Lazkanok doma klasikoko Euskadiko Txapelketa irabazi du Infantil kategorian eta 8. postua lortu zuen Espainiako norgehiagokan. Arrietta Ruiz Goiri, bere aldetik, 18. postuan geratu zen proba berean. 

Marka esanguratsuak lortu dituzte Arrietta Ruiz Goiri orozkoarrak eta Maialen Lazkano Ugarte aiararrak Espainiako zein Euskadiko hipika txapelketetan. Lehena abuztuaren 29tik irailaren 3ra bitartean jokatu zen Madrilgo Campo Villa klubean, eta Infantil kategorian lehiatu ziren bi aiaraldearrak bertan.

Lazkanok 8. postua lortu zuen eta Ruiz 18. geratu zen. Bi markak nabarmentzeko modukoak direla adierazi du euren entrenatzaileak, Andoni Fuentes Unzagak. “44 pertsonek hartu zuten parte guztira eta maila geroz eta altuagoa da. Lazkano, gainera, Euskadiko onena izan zen proban”, nabarmendu du. 

Lazkano Euskadiko txapeldun

Irailaren 16 eta 17an, aldiz, Getxoko Galea klubera bertaratu ziren bi gazteak, Aizene Bengoetxea Polorekin batera, Euskadiko hezte klasikoko txapelketan aritzeko.

Bertan ere eman zuten zeresana Aiaraldeko kirolariek. Lazkano lehena geratu zen lehen eguneko proban, eta bigarren, aldiz, biharamunekoan. Modu horretan, txapeldun gisa sailkatu zen Infantil kategorian. Arrieta, bere aldetik, 2. postuan geratu zen bigarren eguneko proban. 

Andoni Fuentes Unzaga pozik azaldu da kirolarien emaitzekin. “Pozik gaude lortutako markarekin eta Aiaraldetik lehiaketari maila eman ahal izatearekin”, nabarmendu du.

Okondoko hipodromoan entrenatzen dute kirolari gazteek, duela 5 urtetik. “Hastapenetatik txapelketa mailara arteko ikasketa prozesua eskaintzen dugu, ikasle zein zaldientzat, hezte klasikoko diziplinan”. 

Beste lorpen batzuk ere erdietsi dituzte Aiaraldeko gazteek azken urteetan. Arrietta Ruiz Goirik, adibidez, hezte klasiko zilarrezko domina eskuratu zuen iaz Espainiako Txapelketan

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide