HISPANITATEAREN EGUNARI PLANTO

Euskal egutegi propioaren alde, lanean ari gara Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko langileak gaurkoan

Erredakzioa 2023ko urr. 12a, 11:39

Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko langileek ohiko jardunari eutsi diogu gaur. / Aiaraldea.eus

Hispanitatearen egunean egutegi propioa aldarrikatu dute Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko langileek, eta bulegoek ohiko ordutegiari eutsi diote. Faktoriak ere ez du bere eguneroko jarduna eten.

Faktoriako bulegoek ohiko ordutegiari eutsi diote gaurkoan ere. Izan ere, Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko kideek uko egin diote -urtero bezala- Hispanitate Eguna ospatzeari, berezko egutegiaren aldeko apustuan berretsita.

Faktoriak berak ere eguneroko jarduna mantenduko du gaurkoan. Arratsaldean 17:00etatik 20:30etara egongo da zabalik espazioa, baita ekonomatua eta kantina zerbitzua ere.

Horrez gain, programazio kulturalak eta sozialak ere ez du hutsik egingo. Kokoriko Hezkuntza Faktoriak osteguneroko natura atelierra egingo du 17:15etatik aurrera. Bor-Bor elkarteak, aldiz, 'Munduko kulturak Aiaraldean' topaketa antolatu du Laudioko Kasinoan, 12:00etatik arratsaldera arte, hainbat jatorritako eskualdeko bizilagunak saretzeko helburuarekin.

Azkenik, sormen laborategia gauzatzen ari da Kultur Faktoria egunotan, nazioarteko irrintzilariekin, You You Irrintzi proiektuaren barruan, Gaurkoan ere ez dute hutsik egin, eta arratsaldean emanaldia eskainiko dute Bor-Bor Elkartearen jardunaldietan.

Euskal egutegi propioa

Espainiako Estatuko jai egun nazionala da Hispanitatearen Eguna, eta oso egun polemikoa izan da betidanik, Amerikako kolonizazioa ospatzeko baliatu izan delako. Hain zuzen, garai batean “Arrazaren Eguna” zen jaiaren izendapen ofiziala.

Gauzak horrela, jai egun arrotzat jotzen diren egunak bestelako jai egun batzuengatik ordezkatzeko erabakia hartu du Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak.

Aiaraldean zein Euskal Herri luze zabalean, beste kooperatiba eta elkarte askok ere lan eguna dute gaurkoa; euskal egutegi propioaren aldeko hautua aldarrikatuz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide