YouYou&Irrintzi sormen laborategien lehen egonaldia bete dute Faktorian

Jone Gartzia Gerra 2023ko ira. 21a, 17:30

Astelehenetik asteazkenera izan dira Bruselako YouYou Group taldeko bi kide hainbat irrintzilari aiaraldearrekin ahots esperimentazioan lanean. Ahots praktika tradizionala oinarri hartuta kultur pieza bat sortuko dute urrian errepikatuko duten egonaldian, eta ostean Bruselara eramango dute.

Astelehenean egin zuten Bruselako YouYou Group ahots taldeko Anissa Rouasek eta Caroline Daishek Kultur Faktoriarekin batera YouYou&Irrintzi proiektuaren aurkezpena. Hurrengo bi egunak irrintzien eta askotariko oihuen bidez ahots esperimentazio praktikak egiten eman dituzte, eta taldea “oso gustura” egon da, antolatzaileen hitzetan.

Kultur Faktoriako kideek azalduta, bi egunotako ariketa nagusia taldea sortzea eta elkar ezagutzea izan da. Izan ere, askotan “modu protokolarioan” egiten bada ere, “oso garrantzitsua” da praktika artistikorako. Hori horrela, parte-hartzaile bakoitzaren historia pertsonala kontatzen eman dute jardunaldien denbora tarte handi bat: ahotsarekin duten harremana kontatu dute, lehen irrintzia noiz bota zuten azaldu dute, non ikasi zuten irrintzika, zer esanahi duten haien izenek...

Astearte eta asteazken arratsaldean hainbat ahots praktika egin dituzte, gorputzarekin, sentsazioekin eta, batez ere, espazioarekin jolastuz. Faktoria osotik ibili dira irrintziak eta askotariko soinuak hara eta hona botatzen, bilatzen... eta beste begirada batekin jantzi dute ahots praktika tradizionala.

Anissa Rouasek eta Caroline Daishek gidatutako dinamiken bidez ahotsarekin jolastu eta esperimentatu dute, betiere beroketari eta hidratazioari beharrezko arreta eskainita, ahotsa zaintzea ezinbestekoa baita harekin jolastu ahal izateko.

Gidariek proposatutako ariketen bidez, irrintzi partiturak irudikatzeko sinbologia sortu dute, esperimentazioa paperera igarotzeko tresna gisa. Taldekide guztiek berdin irakurtzeko moduko sinbologia bat osatu dute guztien artean.

Lan saioetan proposatutako beste erronketako bat sonoritate gutxiko irrintziak botatzearena izan da. Irakasleek parte-hartzaileei proposatu zieten intentsitate baxuko irrintziak bota zitzatela, eta horrela aritu ziren, inoiz imajinatuko ez zuketen ariketan murgilduta.

Azken lan saioaren bukaeran balorazio bat egin zuten elkarrekin adosteko zer landuko duten urriko praktika egunetan. Gainera, irailean parte hartu duten irrintzilari gehienek adierazi zuten urrian jarraitzeko asmoa, eta horietako hainbatek ere aipatu zuten azaroan Bruselara joatea gustatuko litzaiekeela.

Urrian ostera ere

Datorren hilean bigarren laborategi saioa egingo dute Faktorian, 11tik 15era. Orduan, YouYou Groupeko kide gehiago etorriko dira Bruselatik eskualdera, eta iraileko lan saio honetan parte hartu duten aiaraldear gehienek ere adierazi dute errepikatuko dutela.

Urriko egonaldia taldeak sortuko duen ahots-performance pieza batekin amaituko da, baina ez da Youyou&Irrintzi dinamikaren azken ekimena izango. Izan ere, azaroaren 2tik 4ra aiaraldearrak izango dira Bruselara joango direnak, eta han ere izango dute pieza hori erakusteko aukera. Gurean, ostera, urriaren 15eko arratsaldean egongo da Irrintzien azpitik emanaldiaz gozatzeko aukera.

Argazkiak: Txabi Alvarado Bañares

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide