1.000 marihuana landare baino gehiago topatu ostean, bi gizonezko atxilotu ditu Ertzaintzak Orozkon eta Amurrion

Aitor Aspuru Saez 2023ko urr. 15a, 11:52

Amurrion irailaren amaieran egindako operazioaren harira sortu da azken hau eta 38 eta 42 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte. 1.000 landare baino gehiago eta kalamua eraldatzeko laborategia ere aurkitu dituela adierazi du poliziak.

Urriaren 11n bi gizonezko atxilotu zituen Ertzaintzak Orozkon eta Amurrion, kalamuaren hazte eta salerosketari lotuta. Osasun publikoaren kontrako delituak leporatu zizkien eta, epaitegitik igaro ostean, aske geratu dira kautelazko neurriekin.

Operazioaren sorburua Amurrion irailean egindako beste bat izan da. Horretan gizonezko bat epaitegira eraman zuten eta beste bat ere akusatu zuten. Ikerketa horietan lortutako informazioa baliatu zuen poliziak urriaren 11n Orozkoko baserri batera jotzeko.

Han, antza, bideozaintza- eta aireztapen-sistemak zituen negutegia aurkitu zuten, baita laborategi gisa erabiltzen ziren eta marihuana-usain handia zerien bi lanabes-etxola ere.

Etxola horietan, marihuana-poltsaz betetako hozkailu-kutxa bat, haxix polena erauzteko hiru zentrifugagailu eta tablet bihurtzeko edo zukua edo "rosina" ateratzeko farmazia-erabilerako liofilizagailu bat aurkitu zituzten, baita prozesu horietan beharrezkoa den labe-papera ere.

Baserriko jabea atxilotua

Higiezineko jabea agertu zenean, poliziei azaldu zien lursailak beste pertsona bati alokatzen zizkiola. Hala ere, baserri barruan marihuana indoor landaketa bat (hau da, lokal batean), ongarriak eta laborantzarako aparatuak ere aurkitu zituzten.

Landaketarekin batera, lehortze-fasean zeuden 738 landare ebaki, marihuana-kukuluak, eta bi izozkailuren barruan haxix hautsa zuten poteak eta zortzi marihuana poltsa aurkitu zituzten.

Ondorioz, Ertzaintzak gizonezkoa atxilotu zuen osasun publikoaren kontrako delitua leporatuta.

Beste miaketa eta atxiloketa bana

Egun berean, agenteak Amurriora joan ziren, ustez Orozkoko lurrak erabiltzen zituen pertsonaren etxera. Gizon horrek bere etxe barrura eraman zituen poliziak, eta 490 landare eme zituzten bi indoor landaketa agertu ziren.

Etxebizitza miatzean, 40 eta 90 zentimetro arteko luzera zuten 225 marihuana-landare, 17 marihuana-poltsa, mila hazi baino gehiago eta horiek indibidualizatzeko ontziak, rosina egiteko prentsa bat, landare emeak ongarritzeko izoztutako lore "arrak" zituzten bost ontzi, produktu fitosanitarioak eta barruan hazteko tresnak aurkitu zituzten.

Erregistroan, halaber, errosinarekin egindako 12 flasko aurkitu ziren, tetrahidrocannabinol kontzentrazioarekin. Produktu horretan kanabisaren osagai psikoaktiboa % 60tik gorakoa da, eta osasunarentzat arriskutsua izan daiteke, Ertzaintzaren aburuz.

Gizonezko hau ere osasun publikoaren aurkako beste delitu batengatik atxilotu zuten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide