Okondoko katastro balioak berrikusi ondoren, Arabako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak onartu du gauza bera egingo duela Amurrion eta Aiaran. Hori bai, oso bestelakoa izango da bi udalerri horietako emaitza.
Nabarmendu beharra dago Aldundiak osatzen duen txostenak eragina duela herritarren ekonomian, lurzoruaren eta eraikuntzaren balio berriak Ondasun Higiezinen gaineko Zergari (OHZ) atxikiak daudelako. 2024an jarriko dira indarrean balio berriak, 2015etik egon direnak ordezkatuz.
Gauzak horrela, Arabako Foru Aldundiak aurreikusi du Aiarako katastroa % 5,57 garestituko dela. Amurriokoak, ordea, % 11,07 egingo du behera.
Hala eta guztiz ere, datorren urteko OHZren ordainagirian zergadun bakoitzak ordaindu beharreko azken zenbatekoa Udalak ekitaldi honetan onesten duen zerga tasaren araberakoa izango da.
Foru Ogasunak jabe bakoitzari jakinaraziko dizkio posta bidez bere ondasun higiezinen katastro balio berriak. Era berean, foru bulegoetara bertaratuta ere jakinaraziko zaizkie, posta bidez egitea ezinezkoa izanez gero.