Ezohiko emanaldi batez gozatzeko aukera egon da gaur eguerdian Faktorian. Zaraobe Institutuko ikasle talde bat aritu da oholtza gainean, azken egunetan sortu duten anterki pieza hezur haragitzen. Miren Gaztañaga izan dute bidelagun. Arakaldon bizi den aktoreak dinamizatu ditu emanaldia prestatzeko saioak, eta gazteekin batera aritu da antzezle lanetan.
Antzezlana taularatzeko gainontzeko lanak ere ikasleek hartu dituzte euren gain. Gauzak hala, soinu teknikari lanetan edota off ahotsa irakurtzen ere aritu dira.
Kultur Faktoriak sustatu du Zaraobe Institutuko bitartekaritza artistikoa. Abenduko azken astean emango diote jarraipena, Gaztañagaren gidaritzapean berriz ere. Horrez gain, antzeko beste bi ekimen prestatu dituzte Laudio Institutuan. Leire Sanjurjo dantzaria eta Julen Zubiete zinemagilea ari dira bertan lanean, ikasleekin dantza eta ikus-entzunezko pieza bana sortzeko, hurrenez hurren.
Sorkuntza lan guztiek "gorputza" izango dute gai moduan. "Asmoa da gorputzak astindu eta bertan dauden istorioei buelta bat eman artearen bitartez; sorkuntza prozoesu batean murgilduz, biziz eta ikasiz", azaldu dute Kultur Faktoriako kideek.