Greba Feminista Orokorraren nondik norakoak aletu eta igandeko agerraldira bertaratzeko deia luzatu dute

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko aza. 16a, 13:51

Greba Feminista Orokorrerako arrazoiak aletzen dituen bideoa plazaratu du Aiaraldeko Greba Batzordeak, eta greba deialdiari buruzko zalantzak argitzeko telefono zenbakia jarri dute herritarren eskura. Igandean agerraldi jendetsua egingo dute Urduñan.

Hamabost egun baino gutxiago geratzen dira Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta gehiengo sindikalak deitutako Greba Feminista Orokorrerako. Aiaraldean ere azaroaren 30erako motorrak berotzen jarraitzen du Aiaraldeko Greba Batzordeak.

Hain zuzen ere, greba deialdiaren nondik norakoak aletzen dituen bideoa plazaratu berri du Aiaraldeko Mugimendu Feministarekin batera tokiko greba deialdiaren antolakuntzaz arduratzen ari den batzorde herritarrak. Greba Feminista Orokorreko aldarri nagusiak mahaigaineratu eta greba eguneko nolakotasunak azaltzen ditu ikus-entzunezkoak;  ohiko produkzio greba ez ezik, kontsumo greba ere badela azalduta.

Aiaraldeko Greba Batzordeak zaintza grebaren garrantzian ere egin du azpimarra. Zentzu horretan, "gizonek ardura berezia hartu beharko dutela" nabarmendu du. Gizonen lana "piketeen lehen lerroan egotea baino, zaintzaren ardura haien gain hartzea" izango dela adierazi dute. Zaintzari begira, gainera, zaintza guneak atonduko dituzte azaroaren 30eko greban Aiaraldeko herrietan, "pertsona orok greban parte hartzeko eskubidea izan dezan".

Grebarako eskubidea

Grebarako eskubidea herritar ororena dela aldarrikatu du Aiaraldeko Greba Batzordeak, hots, ez dela zertan sindikatu bateko afiliatua izan behar greba deialdian parte-hartzeko.

Greba Batzordeko kideak, ordea, kontziente dira pertsona orok ez dituela greba egiteko erraztasun berdinak; "zaintza sektoreko langileen artean bereziki". Horregatik, telefono zenbakia (645 96 59 20) eta helbide elektronikoa (aiaraldekogrebabatzordea@gmail.com) jarri dituzte herritarren eskura; greba deialdiaren inguruko zalantzak edota arazoak bideratzeko asmoarekin.

Eskualdeko agerraldia igandean

Greba deialdia indartzeko asmoarekin, agerraldia egingo du igande honetan Aiaraldeko Greba Batzordeak. Urduñako Gernika plazan jarri dute hitzordua, 12:30ean. Eskualdeko eragile, enpresa-batzorde zein norbanako orori luzatu diote bertaratzeko deia, "laneko arropak soinean jantzita".

Aurreko egunean, ordea, Amurrioko Emakumeen Sareak eta Aiaraldeko Mugimendu Feministak Zaintzen Foroaren II. edizioa egingo dute Amurrio Antzokian. Bertan, "Euskal Zaintza-Sistema Publiko eta Komunitarioaren beharraz" hausnartuko dute, greba deialdiko aldarri nagusietako bat dena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide