ARGAZKIAK

Azaroaren 30ean "zaintza eskubide kolektiboaren alde" Aiaraldeko kaleak hartzeko aldarri ozena

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko aza. 19a, 14:52

Agerraldia egin dute Aiaraldeko Greba Batzordeak eta Mugimendu Feministak Urduñako Gernika plazan. Herritar orori luzatu diote azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrera batzeko deia. Mobilizazio nagusien hitzorduak zabaldu dituzte, besteak beste.

"Aiaraldeko kaleak hartzeko" aldarri ozena zabaldu dute gaur Airaldeko Greba Batzordeak eta Mugimendu Feministak Urduñako Gernika plazan egindako agerraldian. Zaintza sektoreko langileen, eskualdeko enpresa batzordeen eta eragile sozialen ordezkaritza zabal batek babestu du deialdia.

"Zaintza zerbitzuen pribatizazio prozesuaren ondorioz, ez dago zaintza baliabide nahikorik eta zaintzaileen egoera prekarioak ere gurutzatzen du gure eskualdea"

"Zaintza krisiaren aurrean, zaintza eskubide kolektiboaren alde" azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrera batzeko deia luzatu diete Aiaraldeko bizilagunei, greba deialdiak "herritar oro interpelatzen duela" azpimarratuta. 

Aiaraldeak pairatzen duen zaintza sistema desorekatuaren ondorioetan jarri dute azpimarra: "zaintza zerbitzuen pribatizazio prozesuaren ondorioz ez daude zaintza baliabide nahikorik eta zaintzaileen egoera prekarioak ere gurutzatzen du gure eskualdea".

Orozkoko Madres Mercedarias egoitzaren egoera, zahar-egoitza pribatuetako beharginen lan-hitzarmen gabezia edota etxez etxeko zaintza langile egoiliarren "miseria" egoera jarri dituzte, besteak beste, "zaintza krisi" horrek Aiaraldean duen eraginaren adibide. 

Aiaraldeko Greba Batzordeak bideo batean aletu zituen iragan astean greba deialdiko arrazoi nagusiak:

Grebako hitzordu nagusiak

Azaroaren 30eko deialdiko zita nagusiak zabaltzeko baliatu dute gaur Urduñan burututako agerraldia. Egun horretan 5:00etan abiatuko dituzte lehenengo piketeak Amurrion eta Laudion. Horretarako, Telefonikan eta Latiorroko aparkalekuan jarri dituzte, hurrenez hurren, bertaratzeko hitzorduak.

Industriagune eta enpresa nagusietan pikete informatiboak egin ostean, goizeko lehenengo mobilizazioak egingo dituzte hainbat herritan. Hain zuzen ere, Amurrion, Urduñan eta Laudion aterako dira kalera, 11:45ean. Mobilizazio hauekin greba deialdira batzeko zailtasunak dituzten zaintza sektoreko langileei eman nahi diete ikusgarritasuna, greba feministako deitzaileek azaldu dutenez.

Azkenik, eskualdeko manifestazioarekin bukatuko dute eguna. Laudion izango da eguneko mobilizazio nagusia, eta Herriko plazatik abiatuko da 18:00etan.

Greba deialdira batu diren eskualdeko enpresa batzordeen zerrenda ere egin dute publiko:

  • Artiach
  • Amurrioko Udala
  • BM Amurrio-Laudio
  • Laudioko Udala
  • Tubos Reunidos
  • Maderas de Llodio
  • Jez, Envases
  • Amurrio Ferrocarril
  • Tubacex
  • Aiala Vidrio
  • Vidrala
  • Guardian
  • Glavista
  • Inauxa
  • Aliaxis
  • Aresketa Ikastola
  • Laudio ikastola
  • Lamuzako Guraso Elkartea
  • Madres Mercedarias
  • Aiarako Kuadrilla
  • Orozkoko Udala
  • Laudioko Euskaltegia
  • SAD urduña
  • Urduñako Arkupe erresidentzia munizipala
  • Amurrioko Bañueta kiroldegia
  • Aiaraldeko Jantokiak (eskola pubikoetako zerbitzua)
  • Enviser (Laudioko garbikuntza)
  • Garnica (Tubacex garbiketa)
  • Megatech (LABeko atala)

Kaleak astintzeko deia

Hamaika egun geratzen dira Greba Orokor Feministarako eta gaurdanik Aiaraldeko kaleak astintzeko deia zabaldu dute Greba Batzordeak eta Mugimendu Feministak: "Hurrengo egunetan, azaroaren 30era arte dauden asanblada, propaganda banaketa edo bestelako ekimenetan parte-hartzeko deia egiten dugu".

Baina ez dute orain arteko "prozesuaren potentzialtasuna" azaroaren 30era mugatu nahi, eta grebaz harago ere "zaintzen egungo antolamendu soziala eraldatzeko" nahia eta beharra adierazi dute: "Azaroaren 30etik aurrera ere, zaintza lanak demokratizatzera bidean urratsak ematen jarraitu behar dugu, herri akordio zabalen bidez".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide