Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak bat egin du Greba Feminista Orokorrarekin

Txabi Alvarado Bañares 2023ko aza. 27a, 22:01

Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko langileak, grebaren deialdia zabaltzeko talde argazkian. / Aiaraldea.eus

Faktoria itxita egongo da ostegun osoan, eta kooperatibaren ildoek ez dute jardunik egingo. 

Ostegunerako deitua dagoen Greba Feminista Orokorrarekin bat egin du Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak (Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren atzean dagoen kooperatiba). Gauzak hala, elkartearen egoitza den Faktoria itxita egongo da egun osoan, eta ildoek ez dute jardunik egingo grebak irauten duen bitartean. 

Aiaraldea Komunikabidearena izango da salbuespen bakarra. Bertako kazetariek lan boluntarioa egingo dute ostegunean grebaren nondik norakoak jasotzeko, eta horretara mugatuko dira. 

Zergatik deitzen da greba?

Hego Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu du azaroaren 30eko greba orokorra (Denon Bizitzak Erdigunean plataformaren bidez), gehiengo sindikalarekin batera (ELA, LAB, Steilas, ESK, Ehne, Etxalde, Hiru eta CGT), zaintza eskubide kolektiboaren alde.

Zaintza sistema publiko-komunitario baten beharra mahai gainean jartzea, hori izango da deialdiaren helburu nagusia, eta "Herri akordioa" plazaratu dute horretarako, epe labur zein luzerako hainbat aldarrirekin. 

Hauek dira bertan jasotako aldarrietako batzuk: 

  • Zaintza zerbitzuen pribatizazioarekin amaitzea.
  • Zaintza sektoreko langileen baldintzak hobetzea. 
  • Erroldatzeko eskubidea guztiontzat eskuragarri egotea eta atzerritartasun legea bertan behera uztea. 
  • Denontzako pentsio duinak bermatzea.
  • Langile egoiliarren erregimena deuseztatzea eta horretan dihardunen beharginen baldintzak hobetzea. 
  • Etxebizitza eskubidea bermatzea.
  • Agroekologia babestu eta sustatzea.

Nor dago deitua greba egitera?

Deitzaileek nabarmendu dutenez, ostegun honetako greba orokorra izango da. "Hau da, pertsona oro dago deitua bertan parte hartzera, lanera ez joanez edo egun horretan ez kontsumituz", azaldu dute. Gauzak hala, egun horretako erosketa guztiak aurreko egunetan burutzeko deia luzatu diete herritarrei, "eta tokiko merkataritzan bada, hobeto"

Hala ere, greba feminista orokorra izanik, berezitasunak izango ditu mobilizazio egunak ohiko lanuzte orokor baten aldean: "Grebaren gidaritza mugimendu feministak izango du, baina herritar oro inplikatu daiteke grebaren antolakuntzan, greba batzorde mistoen bidez. Gainera, zaintza greba egitea ere planteatzen da, eta hor ardura berezia izango dute gizonek".

Ohartarazi dutenez, euren papera ez da horrenbeste izango "piketeen lehen lerroan" egotea, "zaintza lanak beraien gain hartzea baizik, maila pertsonalean zein kolektiboan". Horri begira, zaintza guneetan txanda egiteko deia luzatu diete gizonei. 

Honako bideo hau ekoiztu du Aiaraldeko Greba Batzordeak, osteguneko dinamikaren nondik norakoak azaltzeko: 

Eskualdeko egitaraua

Iragan igandean egin zuten grebaren deialdia zabaltzeko eskualdeko agerraldia, Urduñan. Bertan eman zuten aditzera zein izango den eskualdeko planteamendua.

5:00etan hasi da eguna, industriaguneetan egingo diren piketeekin. Zaintza lanetan daudenentzako elkartasun piketeak egingo dituzte gero, 11:45ean, Laudio, Amurrio zein Urduñan. Arratsaldean, aldiz, eskualdeko mobilizazioa egingo dute 18:00etan, Laudioko Herriko plazatik abiatuta. 

Hala ere, egingo dituzte bestelako jarduera batzuk ere: piketean daudenentzako gosari zein bazkariak edota zaintza guneen atonketa, besteak beste.

Iragarri dutenez, Laudio zein Amurrion atonduko dituzte haurrentzako zein herritarrentzako zaintza guneak, eta bi kontaktu jarri dituzte martxan, grebaren planteamenduari buruzko edozein zalantza argitzeko zein parte hartzea bideratzeko: 645 96 59 20 telefonoa eta aiaraldekogrebabatzordea@gmail.com helbidea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide