EGITARAU OSOA

Hamaika ekimen Aiaraldeko kaleak zaintza eskubide kolektiboaren alde hartzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko aza. 29a, 17:41

Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorreko egitaraua plazaratu dute Mugimendu Feministak eta Greba Batzordeak. Amurrion, Laudion, Urduñan, Aiaran eta Orozkon jarri dituzte mobilizatzeko hitzorduak. 

Hasi da Greba Feminista Orokorrerako atzera kontaketa. Bide horretan, Aiaraldeko Mugimendu Feministak eta Greba Batzordeak azken ahalegina egin dute motorrak are gehiago berotzeko. Azaroaren 30erako prestaturiko mobilizazio eta jardueren egitaraua egin dute publiko; Amurrion, Laudion, Urduñan, Aiaran eta Orozkon jarri dituzte hitzorduak. 

Pikete Feminista asteazkenean

Lehenengo deialdia, ordea, azaroaren 29rako egin dute. Asteazkenean, 20:30etan Laudioko Eroski saltokitik abiatuko den pikete feminista batekin hasiko dute borroka jardunaldia. "Zaintza ardura zuena ere bada" lelopean, ekimen mistoa egingo dute, gizonezkoei ere bertaratzeko deia luzatuz.

Hamaika deialdi

Azaroaren 30 Laudion egingo dute eguneko manifestazio nagusia, 18:00etan Herriko plazatik abiatuta. Aurretik, ordea, hamaika ekintza eta mobilizazio egingo dituzte eskualdean barrena, goizean goizeko piketeetatik hasita eta eguerdiko kalejira eta bazkarietara arte. Hau da greba eguneko antolatzaileek prestaturiko egitaraua herriz herri:

Amurrio

  • 05:00 - Telefonikan // KOTXE KEDADA
  • 05:15 - Saratxon // INDUSTRIA PIKETEAK
  • 07:15 - Telefonikatik abiatuta // HERRIKO PIKETEAK
  • 07:30 - Parkean kedada // IKASLE PIKETEAK
  • 11:00 - Plazan // GOSARIA GREBALARIENTZAT
  • 11:45 - Plazatik abiatuta //MOBILIZAZIOA Elkartasun piketeak
  • 15:00 - Plazan // BAZKARIA
  • 16:00 - Plazatik abiatuta // KAZEROLADA
  • 17:30 - Telefonikan // KOTXE KEDADA
  • * 07:00-17:00 Herriko plazan ZAINTZA GUNEA

Urduña

  • 11:30 - Foru plazan // KEDADA
  • 11:45 - Erresidentzian // MOBILIZAZIOA
  • 13:00 - Foru plazan // ELKARRETARATZEA
  • 13:30 - Hiritik // PIKETEAK
  • 15:00 - Foru plazan // BAZKARIA
  • 15:30 - Foru Plazan // KAFE TERTULIA Urduñako hainbat emakumeen esperientziak zaintzen eremuan 

Orozko

  • 4:40 - Hegoaldeko aparkalekuan // KOTXE KEDADA Laudiora joateko
  • 11:25 - Hegoaldeko aparkalekuan // KOTXE KEDADA Laudiora joateko
  • 17:40 - Hegoaldeko aparkalekuan // KOTXE KEDADA Laudiora joateko

Aiara

  • 17:00 - Etxaurren Ikastolako aparkalekutik // KOTXE KARABANA
  • 17:20 - Luiaondoko Zentro Sozialean // KOTXE KEDADA

Laudio

  • 05:00 - Lateorroko aparkalekuan // KEDADA
  • 05:15 - Industrian // PIKETEAK
  • 08:15 - Herriko plazan kedada // IKASLE PIKETEAK
  • 08:30 - Herriko kaleetatik // HERRIKO PIKETEAK
  • 11:00 - Herriko plazan // KAFEA GREBALARIENTZAT
  • 11:45 - Herriko plazatik // MOBILIZAZIOA Elkartasun piketeak
  • 14:30 - Herriko plazan // BAZKARIA
  • 18:00 - Herriko Plazatik // ESKUALDEKO MANIFESTAZIOA
  • *07:00-17:00 - Herriko Plazan // ZAINTZA GUNEA

Nor dago grebara deitua?

Hain zuzen ere, grebarako eskubidea herritar ororena dela behin eta berriz azpimarratu dute gurean Aiaraldeko Greba Batzordeak eta Mugimendu Feministak, hots, ez dela zertan sindikatu bateko afiliatua izan greba deialdian parte-hartzeko. 

Greba Batzordeko kideak, ordea, kontziente dira pertsona orok ez dituela greba egiteko erraztasun berdinak; "zaintza sektoreko langileen artean bereziki". Horregatik, telefono zenbakia (645 96 59 20) eta helbide elektronikoa (aiaraldekogrebabatzordea@gmail.com) jarri dituzte herritarren eskura; greba deialdiaren inguruko zalantzak edota arazoak bideratzeko asmoarekin.

Halaber, ohiko produkzio grebaz harago, zaintza eta kontsumo greba ere badela gogorarazi dute ekimenaren deitzaile nagusiek. Aiaraldeko Greba Batzordeak zabaldutako grebaren argibideetan zaintza grebaren garrantzian egiten da azpimarra. Zentzu horretan, "gizonek ardura berezia hartu beharko dutela" nabarmendu dute. Azaldu dutenez, gizonen lana, "piketeen lehen lerroan egotea baino, zaintzaren ardura haien gain hartzea" izango da. Gainera, zaintza guneak atonduko dituzte azaroaren 30eko greban Aiaraldeko herrietan, "pertsona orok greban parte hartzeko eskubidea izan dezan".

Zaintzaren erradiografia

Zaintza sektorearen egoera sakonki aztertu dute greba deialdiaren atarian. Hain zuzen ere, lan baldintza prekarioak eta zaintza beharrei erantzuteko baliabide falta identifikatu dituzte sektoreak bizi duen krisiaren erantzule.

Datuen arabera, 163.000 emakume daude Hego Euskal Herrian etxeko lanetara emanak. Gainera, gutxieneko soldataren azpitik kokatzen da zaintza langileen bataz besteko ordainsaria. EAEn Gizarte Segurantzan altan emandako langileen %37,7 etorkinak dira eta %30 egoera irregularrean dago. Hori dela eta, erroldatzeko eskubidearen bermatzea da greba deialdiko aldarri nagusietako bat, pertsona migratuen zaurgarritasuna borrokatzeko.

Horrez gain, azpimarratu dute “pribatizazio prozesu basatiak” nabarmen mugatu dituela zaintza beharrei lotutako baliabideak. EAEko adinekoen egoitzen %9 da bakarrik titulartasun publikokoa. Dependentzia maila altuko pertsonen kasuan, gainera, 3.000 euro baino gehiago ordaindu beharra dago hilabetean logela batengatik. Aiaraldeko erresidentzia publikoetan itxaron zerrenda dago, hau da; ez dago plaza publiko nahikorik. 

Egoera horren aurrean, Euskal Herriko Zaintza Sistema Publiko eta Komunitarioaren beharra aldarrikatu dute eragile feministek, eta hori defendatuko dute azaroaren 30eko greba deialdian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide