Tubacexek emakumezko langile bat genero arrazoiengatik diskriminatu zuela berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Aitor Aspuru Saez 2023ko abe. 22a, 17:26

Kalte ordaina ematera kondenatzen du epaiak Tubacex. / Aiaraldea.eus

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi du Tubacex enpresako zuzendaritzak langile emakumezko bat kaltetu zuela zaintzagatiko lanaldi murrizketa zuelako. 13.130,65 euroko kalte ordaina ezarri diote multinazionalari.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi du Gasteizko Lan-arloko 3 zk.ko Epaitegiak irailean erabakitakoa. Orduko hartan, Ignacio Sanchez Moran epaileak adierazi zuen Tubacex enpresak langile baten oinarrizko giza eskubideak urratu zituela. Hori, aldi berean, genero diskriminazioan oinarritu zen, emakumezkoak bere lanaldia erdira murriztu baitzuen hiru seme-alabak zaintzeko.

Diskriminazioa, zehazki, 2021eko azaroaren eta 2022ko martxoaren bitartean indarrean egondako enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean gertatu zen. Tarte horretan, emakumezkoak %49,45ra murriztu behar izan zuen bere jarduera enpresan. Aldiz, bere kategoria bereko lankideek zegokien %83,38a lan egin zuten.

Emakumeak bere lanaldia %49,45ra murriztu zuen 2021eko azaroaren eta 2022ko martxoaren artean, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearen ondorioz. Bere lankideek, ordea, %83,38ko lanaldiak izan zituzten tarte berean.

Epailearentzat argi zegoen ezberdintasun horren sorburua zela salatzailearen zaintzagatiko lanaldi murrizketa, eta Tubacexeko zuzendaritzak baliatutako argudio guztiak deuseztatu zituen. Hain zuzen, epailearen aburuz, enpresak ez zuen frogatu langileak gaitasun gutxiago izatea lanposturako edota bere txandan (goizekoan) eragin handiagoa izana murrizketa neurriek. Gainera, epaileak adierazi zuen enpresak ez zituela neurriak hartu balizko bi egoera horiek zuzentzeko.

Horren guztiaren ondorioz, Ignacio Sanchez Moran epaileak azaldu zuen genero diskriminazioa egon zela emakumearen kontra eta, ondorioz, nulu bilakatu zuen enpresaren erabakia. Horrez gain, 13.130,65 euroko kalte ordainak ezarri zizkion enpresari.

LABen ustez, praktika sistematikoa

LABek adierazpena zabaldu du epaiaren balorazioa egiteko, sindikatuko kidea baita epaiketa irabazi duen langilea. Oharrean azpimarratu dutenez, praktika hori ohikoa izan da Tubacexen zaintzagatiko murrizketak hartu dituzten beharginen aurka.

Halaber, sindikatuak iritzi du tamalgarria dela jokaera hori duen konpainiak Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak izatea.

Egoera orokorrari erreparatuta, LABek salatu du industriaren esparruan ohiko egoera dela genero diskriminazioarena eta zaintza lanak maiz oztopatzen direla.

Hori guztia salatu zuten 2021ko martxoaren 8an Tubacexen bertan eginiko pikete feministan, Tubacexeko greba mugagabearen testuinguruan:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide