Aiaraldetik Galdakaoko Ospitalera joango den autobus zerbitzu zuzena exijitu dute EH Bilduk eta Elkarrekinek

Aitor Aspuru Saez 2023ko abe. 27a, 12:00

Usansolon kokatuta dagoen ospitalea bilakatu da erreferentziazkoa hainbat herritarrentzat azken urtean. / Ihobe

Arabako Foru Aldundiari egin diote eskaera autobus linea bat egon dadin eta Urduña-Amurrio-Laudio-Ospitalea ibilbidea egin dezan.

Arabako Batzar Nagusietako EH Bildu eta Elkarrekin taldeetako ordezkariek testua aurkeztu dute, Foru Aldundiak autobus zerbitzua sortu dezan. Zerbitzu horrek Urduña-Amurrio-Laudio-Galdakaoko Ospitalea ibilbidea beteko luke eta ahalik eta azkarren abiatzea exijitu dute, aiaraldearrek joateko eta itzultzeko aukera izan dezaten.

Honakoa argudiatu dute bi erakunde politikoek: "Bizkaibusek eskaintzen duen linea eskualdeko herri guztietatik eta Bizkaiko beste batzuetatik igarotzen da, hala nola Arrigorriaga, Basauri eta Galdakaotik. Horren ondorioz, erabiltzaileek denbora asko eman behar izaten dute ibilbidean".

Hori dela eta, ezinbestekotzat jo dute zerbitzu zuzena eskaintzea: "Emandako denboraz gain, ospitalera joan beharrak beste aukera edo bitarteko propio batzuk bilatzera eramaten ditu, hala nola ibilgailu pribatua. Elkarrekin eta EH Bilduren ustez, horrek trafikoa areagotzea, istripuak izateko arrisku handiagoa, ospitalean aparkatzeko zailtasunak edo energiaren kontsumoa handitzea eragin dezake".

Parte hartzea

Oposizioko taldeek adierazi dute Arabako Foru Aldundiak sei hilabeteetan egin beharko lukeela plan bat eta, tarte horretan, Aiarako Kuadrillarekin, Urduña, Amurrio eta Laudioko Udalekin eta Arabako Batzar Nagusiekin partekatu, herritarren parte hartzea ahalbidetzeko.

EH Bildu eta Elkarrekinen eskaera ez da ezerezetik sortu. Aiaraldeko pentsiodunek urte hasieran abiatu zuten aldarri bera jendarteratzeko kanpaina, eta mozioak aurkeztu zituzten eskualdeko udaletxeetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide