Aiaraldeko Mendiak Bizirikek alegazioak prestatu ditu Larragorriko zentral eolikoaren kontra eta herritarren eskura utzi ditu

Aitor Aspuru Saez 2024ko urt. 17a, 10:00
Laudion, Orozkon eta Amurrion izango luke eragina proiektuak. / Aiaraldea.eus

Plataformak helegiteak zabaldu ditu eta gogoratu du urtarrilaren 30ean amaituko dela epea agiriak aurkezteko. Taldeak azaldu du proiektua oso aurreratua dagoela eta aurre egiteko garaia dela.

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak prentsa oharra zabaldu du Larragorriko (Jesuri) zentral eolikoaren kontrako alegazioak sustatzeko. Izan ere, 200 metroko altuera duten bost aerosorgailu instalatu nahi ditu Green Capital Development enpresak Orozkon eta Laudion.

Taldearen aburuz, "Arantxa Tapiak aurkeztutako Lurralde Plan Sektorialak, zeina onartze-fasean dagoen, gure eskualdean zehazten dituen proiektu berriztagarri guztien artean, zalantzarik gabe, Larragorrikoa da aurreratuen dagoena".

Hori dela eta, helegiteak prestatu dituzte konpainiak egindako azterketa teknikoaren kontra. 2.000 orrialde dituen dokumentu teknikoa proiektuaren oinarria izango da eta bertan jasota dagoena irakurrita, Aiaraldeko Mendiak Bizirikek berretsi du bere konpromisoa egitasmoaren kontra. 

Alegazioek zortzi orrialde dituzte eta plataformaren argudioek hiru ardatz: herritarrek pairatu duten informazio eta parte hartze falta, araudia ez dela errespetatu tramitazioan eta ingurumenean proiektuak izango lituzkeen eraginak. "Aiaraldeko Mendiak Bizirik taldea ez dator bat azterketaren edukiarekin, ez baitira aztertu alegazioetan salatzen ditugun funtsezko alderdiak: zarata, aerosorgailuetatik 2 kilometroko distantziara bizi direnen osasuna, landa-udalerrietako ekonomian izan ditzakeen eraginak, datu meteorologiko fidagarririk eza, hirigintza- eta ingurumen-araudiak ez betetzea...".

Horregatik guztiagatik, plataformak alegazioak aurkeztera animatu nahi ditu herritarrak, betiere urtarrilaren 30ean beranduenez. Horretarako lau bide daude:

  • Udalen erregistroan, Eusko Jaurlaritzarekin duten hitzarmen baten bidez.
  • Posta arruntaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariari zuzendua.
  • Sinadura elektronikoaren bidez.
  • Egoitzetan: Kale Nagusia 85 (Bilbo) edo Félix María Samaniego 4 (Gasteiz).

Alegazioak jasotzen dituen dokumentua eskuragarri dago euskaraz zein gaztelaniaz hemen. Laudioko Zuhaitza liburu-dendan eta MasterCopy-n ere lortu daiteke fisikoki, eta posta elektronikoz ere eska daiteke, aiaraldekomendiakbizirik@gmail.com helbidera idatzita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide