Martxoaren 22an zeharkatuko du 23. Korrikak Aiaraldea (Artziniega, Aiara, Urduña, Amurrio, Laudio, Arakaldo eta Arrankudiaga-Zollo, hain zuzen) eta jadanik prestaketak abiatu dituzte herriz herri. Gauzak horrela, aurkezpenak egingo dituzte Laudion eta Arrankudiaga-Zollon.
Laudion astebete barru egingo dute, urtarrilaren 25ean, 19:30ean erabilera anitzeko udal gelan, udaletxearen alboan. Berbots Euskaltegiak aurtengo Korrikaren mezuaren berri emango du. Horrez gain, edizio honek nor omenduko duen aipatuko dute, baita Laudioko ibilbidea ere. Azkenik, Korrika Kulturalari buruzko ekarpenak jasotzeko asmoa daukate.
Hurrengo egunean, urtarrilaren 26an, ostirala, biltzeko deia zabaldu du Arrankudiaga-Zolloko Korrikako batzordeak. 19:30ean izango da hitzordua Gizarte Etxean.