Aiaraldeko Plan Estrategikoaren %3,3 baino ez betetzea leporatu die EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari

Aitor Aspuru Saez 2024ko ots. 15a, 16:20

Iaz Plan Estrategikoaren zirriborroa aurkezteko bilera egin zuten Laudion hainbat alkaterekin. / Arabako Foru Aldundia

Arabako EH Bildu oharra plazaratu du salatzeko Aiaraldeko Plan Estrategikoaren kudeaketa oso atzeratuta dagoela eta duela urtebete aurkeztutako zirriborroa ia ez dela aldatu.

EH Bildu Arabak mozioa aurkeztuko du eskualdeko udaletan, Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari exijitzeko Aiaraldeko Plan Estrategikorako talde eragilea deitzea, plan estrategikoa behingoz adostu eta onartzeko. 

Izan ere, koalizioak honakoa salatu du prentsa ohar bidez: "Duela ia urte bat Aiaraldeako alkate guztien aurrean eskualdeko plan estrategikoaren hasierako zirriborroa aurkeztu zen. Baina horren ostean ez dute berririk jaso. Hori bai, EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan egindako galdera bati esker, badakigu zirriborro hori ez dela 'asko' moldatu".

"Helburuak ez dira bete"

EH Bilduk argudiatu du 2022-2023 tartean abiatu behar ziren 30 ekimenen artean %3,3 baino ez direla bete eta erakundeek bitartekoak jarri behar dituztela helburuak gauzatzeko.

Koalizioak azpimarratu du Aiaraldeko egoera sozioekonomikoari buruzko ponentzia 2018an hasi zirela lantzen Eusko Legebiltzarrean eta 2022an Plan Estrategikoa aurkeztu behar zutela. Hortaz, salatu dute ez direla epeak bete.

“Erabateko porrota”

Ildo horretatik, EH Bilduk hondamenditzat jo du arlo sozioekonomikoan egin den kudeaketa. Izan ere, funtsen erdia sustapen ekonomikora bideratu behar zuten eta proiektu nagusietako bat zen Laudio Glass Hub ekimena, udalerria beiraren erreferentea bilakatzea. "Aurkeztutako hiru proiektuetatik bi AutoGlass-Glavista enpresarenak ziren, eta biak daude jasotako funtsak itzultzeko prozesuan. Izan ere, utzikeriazko eta ekintzarik gabeko aldi horretan, enpresak ateak itxi eta bere 240 langileak kaleratu ditu" adierazi du EH Bilduk.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide