Prentsaurrekoa egin dute gaur Aiaraldeko pentsiodunek Usansoloko ospitalera joateko autobus zerbitzu zuzena exijitzeko lanketa zein puntuan dagoen azaltzeko. Mugimenduko bozeramaileak haserre azaldu dira hainbat alderdi politikok hartutako jarrerekin. "Eskakizun sinple eta arrazoizko bat" borroka alderdikoietarako baliatu dutela salatu dute.
Bizkaibuseko bi linea daude eskura. Autobus zerbitzu hauek, ordea, Bizkaiko herri eta auzo ugarietatik igarotzen dira, ospitalerainoko bidaia bi ordutara luzatuta
Urtebete autobusa exijitzen
Pentsiodunen mugimenduak 2023ko otsailean abiatu zuen Usansoloko ospitalera joateko autobus zerbitzu zuzen baten aldeko borroka. Aiaraldeko biztanleen erreferentziazko ospitalea da Usansolokoa, eta bertaraino joateko Bizkaibuseko bi linea daude eskura. Autobus zerbitzu hauek, ordea, Bizkaiko herri eta auzo ugarietatik igarotzen dira, ospitalerainoko bidaia bi ordutara luzatuta.
Egoera horren aurrean eskualdetik ospitalera zuzenean joango litzakeen autobus zerbitzua exijitu zuten pentsiodunek: Urduñatik abiatu eta Aretatik aurrera Usansoloraino zuzenean iritsiko zena. Pentsiodunen aburuz, linea berri horrek ospitalerako orain arteko bidaia-denbora ordu erdian baino gehiagoan murriztuko luke.
Mozioak eta sinadura bilketak
Autobus zerbitzu hori exijitzeko bidean eskualdeko udal guztietan mozioak aurkeztu zituen pentsiodunen mugimenduak, eta onartuak izan ziren. Eskualdeko udalek pentsiodunen mozioari argi berdea eman ostean, Arabako Batzar Nagusietan aurkeztu zuten testu bera.
Elkarrekin Podemosek testu alternatibo bat aurkeztu zuen Batzar Nagusietan, zeinak ez zuen Usansoloko linea berriaren sorrera aipatzen. Idazki hau, eta ez pentsiodunena, izan zen, Batzar Nagusiek talde guztien oniritziarekin —EH Bilduren abstentzioa salbu— onartu zutena.
Horren aurrean talde politiko guztiekin banan banan biltzeari ekin zioten pentsiodunek 2023ko azken hilabeteetan. "Guztiek adierazi ziguten berdina, lotsagarria dela gaur egungo autobus zerbitzua", nabarmendu dute gaurko agerraldian.
Bilera segida horren ostean erreskadan iritsi ziren mozio eta emendakin gehiago. Alderdi Popularrak bat aurkeztu zuen, eta EH Bilduk eta Podemosek emendakina aurkeztu zioten pentsiodunekin adostuta. EAJk eta PSE-EEk haien aldetik emendakin berri bat aurkeztu zuten ere.
Bien bitartean pentsiodunek sinadura bilketa bati heldu zioten, 3.000 sinadura baino gehiago jasoz.
"Bilera horretan Usansolora joateko autobus zerbitzua 2024an funtzionamenduan jarriko zela azaldu zuen Joseba Diaz EAJren ordezkariak"
Bilera otsailaren 13an
Testuak gora eta testuak behera, pentsiodunen mugimenduak bilera batera deitu zituen Batzar Nagusietako alderdiak, guztien artean iritzi bateratua adosteko. Laudioko Kultur Etxean egin zuten bilera, 30 lagunen artean guztira.
"Bilera horretan Usansolora joateko autobus zerbitzua 2024an funtzionamenduan jarriko zela azaldu zuen Joseba Diaz EAJren ordezkariak" aipatu dute pentsiodunek. Nabarmendu dute Diazen adierazpenak ustekabean jaso zituztela, eta "harriduraz" hartu zuten albistea bilerara bertaratutakoek.
Diazen iragarpenaren ostean, otsailaren 19ko Arabako Foru Aldundiaren Mugikortasun Batzordera eraman zuten proposamena defendatzen zuen testua. Batzorde horretan, ordea, emendakina aurkeztu zuten PSE-EEk eta EAJk, gainerako alderdiei eta pentsiodunei jakinarazi gabe, eta otsailaren 13an egindako iragarpena ezabatuta.
Autobus linea 2024an egiteko konpromisoa desagertu zen, eta aurretik beharrezko ordutegiak eta nondik-norako guztiak ikertzeko eta ebazteko eginbideak ere", salatu dute pentsiodunek haserre.
Pentsiodunak "engainatuak" sentitzen dira. Azken testu bat igorri diote Arabako Foru Aldundiari "Aiaraldea eta Usansoloko ospitalearen arteko zuzeneko autobus linearen bideragarritasuna aztertzeko eta hau martxan jartzeko lanak ahalik eta lasterren abiatzeko". Urtebeteko epea eman diote pentsiodunek Foru Gobernuari zerbitzua ezartzeko. Erantzunik jaso ezean, ez dute baztertzen datozen asteetan mobilizazio kanpaina bati ekitea.