Tubacex enpresako zuzendaritzak on-line agerraldia egin du gaur akziodunei 2023ko emaitzen berri emateko, eta albisteak oso onak izan dira eurentzat. Izan ere, iaz 852,4 milioi euroko salmentak izan zituzten, hau da, 2022an baino %19,3 gehiago.
Datu horiek 36,3 milioi euroko mozkin garbiak utzi dituzte konpainian, 2022ko emaitzak %79,5 hobetuta. Gainera, epe motzean ez dute aurreikusten joerak okerrera egitea, 1.600 milioi euroko eskariak metatu baitituzte.
Hala eta guztiz ere, enpresak iragarri du 2025erako plan estrategiko berria prestatuko duela.
Diru sarrerei dagokienez, horrela banatu dira:
- %35 jatorri industrialeko produktuak.
- %24 gasa ustiatzeko produktuak.
- %19 petrolioa eskuratzeko produktuak.
- %15 merkatu berriak.
- %7 Powergen.
Salmentak, gainera, nabarmen sakabanatu dira munduan:
- %43 Asia eta Ekialde Hurbilean, gasa atera eta lantzeko, gehienbat.
- %33 Amerikan.
- %21 Europan, Iparraldeko Itsasoan, bereziki.
- %3 Afrikan, Tanzanian, Namibian, Mozanbiken eta Hego Afrikan.
Azpimarratu beharra dago Tubacexek lan gatazka oso luzea eta latza bizi izan zuela Aiaraldean 2021ean, 100 langile baino gehiago kaleratzeko asmoa baitzuen zuzendaritzak. Une horretan, enpresak adierazi zuen lanpostu horiek desagertu gabe, enpresaren etorkizuna bera kolokan zegoela.
Ordea, 2022an marka guztiak hautsi eta aurreko hamalau urtetan izandako emaitzarik onenak eskuratu zituzten. 2023an, aldiz, horiek ere gainditu dituzte.