Tubacexek azken 14 urteetako emaitzarik onenak aurkeztu ditu

Jone Gartzia Gerra 2023ko ots. 24a, 20:30

2021ean ere emaitza positiboak izan zituen enpresak, baina grebak eragindako kaltea onartu zuen. / Aiaraldea.eus

Aurreko urtearekin alderatuta, 2022an Tubacexek ia bikoiztu zuen salmenta kopurua, eta 20,2 milioi euroko mozkin garbiak izan zituen. Enpresak "epe luzerako joera" dela adierazi du eta sektore eta merkatu berrietara zabaltzeko egindako ahalegina azpimarratu du.

Gaur aurkeztu ditu Laudioko hodigileak 2022. urteko emaitzak Balore Merkatuaren Espainiako Batzordean. 20,2 milioi euroko mozkin garbiak izan ditu (92,3 milioi euro interesak, zergak, balio-galera eta amortizazioak kontuan hartu gabe). Multinazionalak plazaratutako datuen arabera, 714,7 milioi euroko salmentak izan zituen iaz, ia aurreko urtekoen bikoitza (%95,8 gehiago).

Horrez gain, 1.650 milioi euroko eskabide-zorroa duela azpimarratu du, “enpresaren historiako handiena”. Enpresaren iritziz, horrek “epe luzeko joera estrukturala berresten du”. Emaitza horiekin zor finantzarioa 49,1 milioi eurotan murriztu du Arabako enpresak 2021arekin alderatuta.

Enpresaren Plan Estrategikoari jarraiki, Tubacexek negozio-sektore berrietan sendotu nahi du bere presentzia, hala nola automobilgintzan, aeronautikan, aeroespazialean, biomasan eta hidrogenoan. Taldeak bereziki nabarmendu du 2022ko azken hiruhilekoan aeronautika sektoreko eskaera asko jaso zituela. Sektore hidraulikoan dituen espektatibak ere berretsi dituela adierazi du, “funtsezko bezeroekin epe luzerako akordioak lortzeari esker”. Halaber, sektore aeroespazialean AEBetako eskaera garrantzitsu bat lortu berri duela azpimarratu du.

Arreta mundu osoan jarrita duen multinazionala

Tubacexek azaldu duenaren arabera, 2022an “nazioarteko hazkunde estrategiarekin" jarraitu du. Salmenten %36 Asiako merkatura bideratu zituen, %31 Europara, %29 Amerikara eta gainerako %4a Afrikara. Azpimarratzekoa da Ekialde Ertainean gasa erauzteko 10 urtetako kontratua esleitu diotela, 30.000 tonatik gorako balioarekin. Kontratu horren barruan, tutu hariztatuen akaberarako fabrika bat eraikiko du Abu Dabin.

Gaur egun, Aiaraldean ez ezik, Tubacexek ekoizpen eta zerbitzu guneak ditu Espainiako estatuan, Italian, AEBetan, Indian, Thailandian, Saudi Arabian, Dubain, Norvegian, Kanadan, Singapurren, Guyanan, Kazakhstanen eta Brasilen.

Hain zuzen ere, Amurrioko eta Laudioko fabriketan 236 eguneko greba mugagabea egin zuten 2021ean, enpresak ezarri nahi zuen enplegu-erregulazioko espedientearen aurka. Borroka luze eta historikoaren ostean, langileek lortu zuten 150 kaleratzeak bertan behera geratzea.

Horrez gain, aipatzekoa da atzo egin zituztela hauteskunde sindikalak Tubacexeko Aiaraldeko hiru lantegietan. ELAk lortu zuen bozen gehiengoa, eta LAB izan da gorakadarik handiena izan duen sindikatua, “bigarren indarra boto kopuruan”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide