Luyando-Ganzedo txirrindularitza taldea baikorra da larunbatean hasiko den Aiarako Birari dagokionez. Izan ere, iaz Iker Colmenerok irabazi zuen lasterketa eta aurten emaitza hori errepikatzeko lehiatuko dira aiaraldearrak.
Luyando-Ganzedoko arduradunek uste dute Ion Egia izango dela taldeko onena, baina Peru Bernaolarengan eta Danel Gorostiagarengan ere konfiantza dute
Berez, Aiala Txirrindularitza Elkarteko zuzendariek uste dute Ion Egia laudioarra sasoian helduko dela probara eta lehenengoen artean egoteko aukerak dituela.
Halaber, klubean Peru Bernaolarengan eta Danel Gorostiagarengan konfiantza handia jarri dute eta, euren aburuz, onenekin arituko dira.
Helduberriei dagokienez, Ibai Colmenero, Xabier Solaun, Oier Puente, Xabier Kurtcheidt eta Mikel Llorente ikusi nahi dituzte lehian, susmoa baitute ondo egin dezaketela.
Gainerako txirrindularien kasuan, Luyando-Ganzedoko arduradunek nahi dute euren trebakuntzarekin eta ikasketa prozesuarekin jarraitzea Aiarako Biran.
Berez, taldean kadete hauek daude:
- Aner Aldama
- Peru Bernaola
- Ibai Colmenero
- Ion Egia
- Danel Gorostiaga
- J. Aingeru Llano
- Kimetz Llano
- Mikel Llorente
- Oier Puente
- Jurgi Saez
- Ugaitz Hernandez
- Xabier Kurtcheidt
- Xabier Solaun
Aurkezpena bihar
Urtero legez, Aiarako Biraren aurkezpena etapen hasieraren bezperan egingo dute, hau da, bihar. 19:00etan izango da Aiarako Udaletxeko erabilera anitzeko aretoan.
Ana del Val Kultura Diputatuak, Pruden Otegi Aiarako alkateak, Joseba Vivanco Artziniegako alkateak eta Julia Liberal Arabako Txirrindularitza Federazioko presidenteak parte hartuko dute.
Bertaratzeko aukera dago, baina streaming bidez ere emango dute.