Iker Colmenero laudioarrak Arabako txapela eskuratu zuen astelehenean Amurrion. Bigarren urteko kadeteak esprintean irabazi zuen lasterketa, Carlos Martini aurrea hartuta.
Garaipen landua izan zen, Saraubeko gaina bost aldiz zeharkatu behar izan baitzuten kirolariek. Lehenengo biran Danel Gorostiagak ihes egin zuen eta hirugarrenean hamar bat txirrindularik osatu zuten tropel txikia buruan.
Aiara Txirrindulari Elkarteak bi taldekide jarri zituen horien artean eta azken biran Iker Colmenerok eta Carlos Martin Maguisa Guijuelo Salamancako kirolariak atzean utzi zituzten beste kideak.
Ekhi Uriarte aiaraldearra laugarren sartu zen helmugan eta Arabako bigarren sailkatua izan zen.
Aiara Txirrindulari Elkartearentzat ez zen ezustekoa izan, euren asmoa garaipena eskuratzea baitzen. Iaz Oier Colmenerok erdietsi zuen eta Harri Paskier izan zen hurrengoa sailkapenean.
Zazpi lasterketa irabazi
Iker Colmenerok jadanik zazpi lasterketa irabazi ditu aurten (Aiara Bira horien artean) eta horri gehitu behar zaio Arabako eta Euskadiko Ziklokros txapelduna izan zela errepideko denboraldia hasi baino lehen.
Bere lanari zein taldekideen ahaleginari esker, Aiara Txirrindulari Elkartea ere sei lasterketetan izan da onena eta Valentin Campo klubeko arduradunak "ikusgarritzat" jo du denboraldia.