Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak duela pare bat aste zabaldu zuten Renfe aldiriko zerbitzua EAEko erakundeen esku geratuko dela eta, iragarpen horren harira, EH Bilduk prentsa oharra kaleratu du, Bilbo eta Urduña lotzen duen C-3 linearen egoera salatzeko.
Berez, EH Bilduk uste du berria pozgarria dela, "nahiz eta 40 urte berandu heldu". Dena den, aipatu du eskumenen transferentzia ezin dela aitzakia izan C-3 linean egin behar diren hobekuntzak gelditzeko: "Abiadura Handiko Trena edo bestelako makroproiektuetarako sekulako inbertsioak egiten diren bitartean, aldiriko trena eta hori erabiltzen duten herritarrak bigarren postu batean uzten dituzte administrazioek".
Senatuan erantzunik ez
Izan ere, urtarrilean koalizioak zenbait galdera egin zituen Senatuan zerbitzuari buruz, "langileen baldintzek eta azpiegituren egoerak zerbitzuan duten eragin kaltegarriak ezagutzeko, zerbitzua behar bezala emateko zer nolako plantilla beharko litzatekeen jakiteko eta mahai gainean dauden eragozpenen aurrean aurreikusten diren hobekuntzak zeintzuk diren jakiteko".
EH Bilduk salatu du, momentuz, ez dutela inolako erantzunik jaso.
Eguneroko ogia, arazoak
Bide batez, koalizioak gogoratu du zeintzuk diren Renfeko erabiltzaileek egunero jasan behar dituzten ohiko eragozpen eta oztopoak:
- Renferen web orrialdean edo geralekuetan dauden paneletan agertzen diren zerbitzuak ez betetzea eta ematen diren aldaketak ez jakinaraztea.
- "Gau Jaia" zerbitzua bertan behera utzi izana.
- Hainbat geltokitan -Laudio eta Urduña barne- irisgarritasuna ez bermatzea. Horrek ezinezkoa egiten du herritar ugarik trena erabiltzea.
- Urduñatik Bilbora 50 minutuko bidaia egon arren, komunik ez egotea trenetan.
- Obrarik egin ez izana trenek etxebizitzen inguruan egiten duten zarata ekiditeko.