Aiarako Kuadrillaren aurrekontuak %54ko igoera izan du aurten: 8 milioi euro guztira

Aitor Aspuru Saez 2024ko mar. 11a, 07:00

Hiri-hondakinen bilketara bideratuko dute aurrekontuaren ia erdia. / Aiaraldea.eus

Kuadrillako egoitzaren berritzeari, ekonomia sustapenari eta hiri-hondakinak biltzeko zerbitzuari aurre egiteko baliatuko dute gorakada.

Aiarako Kuadrillak onartu berri ditu 2024ko aurrekontuak eta diru kopurua nabarmen handitu da. Guztira, 8.152.138,23 euroko gastua aurreikusi dute, hau da, iaz baino %54 gehiago. 

Goranzko joera hori azaltzeko hiru egitasmo hartu behar dira aintzat. Alde batetik, eztabaida prozesu luzearen ondoren, Arespalditzako Aiarako Kuadrillako egoitza berritzeari ekingo diote eta horretarako 1.603.584 euroko inbertsioa egin beharko dute. Esku-hartze hori ia osorik ordainduko du Arabako Foru Aldundiak finantzaketaren %90 bere gain hartuta.

Hiri-hondakin solidoen bilketa: 3.400.000 euro

Dena den, hiri-hondakin solidoen eskutik helduko da gastu handiena. Berez, aurten kontratu berria esleituko dute eta horretarako 3.400.000 euro baliatuko ditu Laudio, Amurrio, Okondo, Aiara eta Artziniega barne biltzen dituen erakundeak. Kasu honetan, dena den, ez du dirulaguntzarik jasoko.

Eskualdeko Enplegu Plana

Beste xede estrategikoa enpleguari bultzada ematea izango da. 1.000.000 euroko partida erabiliko dute horretarako. Kopuru horretatik, 400.000 euroko ekarpena egin du Eusko Jaurlaritzak eta bestea Udalen ardura izango da. 

Bide beretik, Arabako Foru Aldundiak trebakuntza programa (40.000 euro) eta ekintzailetza programa (25.000 euro) ordainduko ditu.

Antzeko helburua izango du turismoa bultzatzeko ekimenak ere. 173.500 euro bideratuko dute horretara, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren babesarekin.

Gazteak eta ohiko egitasmoak

Aurtengo berritasun gisa, Encina Castresana Kuadrillako presidenteak azaldu du gazteei buruzko diagnostikoa osatuko dutela Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzari esker.

Horrez gain, ohiko jarduerak mantenduko dituztela gaineratu du Kuadrillako buruak: adinekoen eta emakumeen topaketak, eskualdeko erakusleihoen lehiaketa, Aiarako Bira, sentsibilizazio kanpainak... 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide