Abian da Aiarako Biraren XXXIV. edizioa. Ostiralean aurkeztuz uten ofizialki lasterketa Arespalditzako udalbatza aretoan, emozioz beteriko asteburuari segida emanez. Okondon eta Laudion izan dira kadete mailako erreferentziazko lasterketaren lehenengo jardunaldiak.
Lehenengo bi jardunaldiak
Okondo izan zuen abiapuntu Aiarako Birak larunbatean. Norgehiagokari hasiera eman aurretik azaroan zendutako Iñigo Diaz txirrindulari arabar gaztea omendu zuten minutuko isilune batekin. lasterketa sprint-ean ebatzi zen; Alcala de Henareseko Alvaro de Pablo gailendu zitzaion Ion Egia Luyando-Ganzedo taldeko txirrindulari aiararrari. Bi kirolariek tropela atzean utzi eta 40 kilometro orduko abiaduran gurutzatu zuten helmuga lerroa.
Asteburu frenetikoari amaiera emateko, kadete mailako berrehun txirrindulariak Laudion elkartu ziren atzo. 45,7 kilometroko lasterketa azkarra izan zen Laudiokoa. Ion Egia bigarren postuan osatu zuen zirkuituko lehenengo itzulia, baina gurpila zulatu eta atzean geratu behar izan zen. Luyando-Ganzedo taldeak ondo erantzun zuen, ordea, eta, Egiarekin batera, tropela harrapatzeko lanetan aritu ziren. Sentsazio gazi-gozoarekin agurtu du asteburua Aiara Txirrindulari Elkarteak: "Taldekideen laguntzarekin, Ion tropelean berriro sartzea lortu dugu, eguneko ihesaldia hastear zenean. Helburua eguna libratzea eta kalteak minimizatzea zen, eta bete dugu. Borrokan jarraitzen dugu".
Laudioko lasterketak Alacanteko Hugo Muñoz jarri du sailkapen orokorraren buru. Ion Egiak 18. postutik ekingo dio lehiaren bigarren asteburuari. Taldekako sailkapenean 14. da Luyando-Ganzedo talde aiararra. Hemen kontsultatu daiteke sailkapen guztia.
Datorren asteburuan Aiaran eta Orozkon izango dira Aiarako Birako lasterketak, eta lehia estutzeko aukera izango dute txirrindulari aiararrek.